Thriller bat eta, ohartu gabe, amodio istorioa dakar Iñaki Irasizabalek
Iñaki Irasizabalek ‘‘Lehertu baino lehen’’ nobela plazaratu du Elkarren eskutik. Ohikoa duen bezala, eleberri beltza idatzi du, baina kezka nagusia «munduaz hitz egitea» da, bikote baten ahotsen bidez.

‘‘Lehertu baino lehen’’ izenburua du Iñaki Irasizabalen thriller berriak. Editore batek eta erizain batek osatutako bikotea du protagonista. Autorearen hitzetan, nobela beltzaren eta eleberri sozialaren arteko mugan dago. Gainera, «ez nintzen konturatu, baina maitasun istorio bat ere bada».
Hala adierazi zuen Irasizabalek atzo, Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko editoreak lagunduta, Donostian egindako aurkezpenean.
Honela laburbiltzen du argitaletxeak 18.000 hitz hauek osatzen duten eleberria: Erik eta Aiora, editorea bata eta erizaina bestea, bikote gaztea da, oro har ondo konpontzen dena, baina badituzte tentsio une batzuk ere. Harremana onbideratzeko estrategia bat pentsatuko du Erikek, baina gauzak okertu egingo dira, ustekabean. Hortik aurrera, beste norabide bat hartuko du eleberriak, eta thrillerraren misterioarekin batera dilema moralek hartuko dute nagusitasuna: besteaz fidatu ala barruan gorde; egia osoa aitortu ala zain egon, okerrena pasatu arte.
Mendigurenen ustez, kontakizun honetako kezka nagusia ez da hildakoa nork akabatu duen jakitea, baizik eta «gertakarien haritik tiraka, bizitzaz eta munduaz hitz egitea». Irasizabalen lanen bereizgarria, hain zuzen ere. Durangarraren obran, esan zuen, «ez dago gizakiari buruzko iritzi oso onik», baina oraingoan «inoiz baino gehiago» erreparatu dio bikote barruko bizitzari.
Xabier Mendigureni esker, Iñaki Irasizabal konturatu zen maitasun istorio bat idatzi zuela. Bakoitzak, editoreak, gizona, eta erizainak, emakumea, istorioaren bere zatia kontatzen du eleberrian. Protagonistak gazteak dira, 30 urte ingurukoak, eta hori narrazioan nabaritzen da, azaldu zuen idazleak berak.
POLIZIA NOBELARIK EZ
Abiapuntua, kontatu zuen Iñaki Irasizabalek, bi protagonisten arteko komunikazio falta izan zen. «Baita erantzunen beldurra ere. Baina batez ere dudak dituzte protagonistek; orduan ikertzea erabakitzen dute, eta hori da nobela beltzaren zatia», adierazi zuen aurkezpenean idazleak.
‘‘Nork’’ galderari erantzun baino, zergatiaren bila dabiltza. Eta Irasizabalek ohartarazi zuen: «Ez da polizia nobela bat».
Irakurterraza dela aurreratu du autoreak, «gaur egun idatzitakoa delako». Ez dago kapitulutan banatuta, baina bai hiru zati desberdin ditu. Lehenengoa gizonaren, Eriken, narrazioa da; bigarrenean hirugarren pertsonaia batek hartzen du kontakizunaren agintea; eta azkenengo zatia emakumearen ahotsa da.
«Gustatuko litzaidake irakurlearentzat samurra izatea, baina latza ere bada», onartu zuen.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»
