BARAKALDO

Ituño, Lujanbio, Tapia eta Leturia... Pirritx, Porrotx eta Marimototsen omenaldian BECen

Maiatzaren 3ko festa handia gerturatzen eta ikuskizuna gorpuzten ari denean, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi egingo zaien omenaldian parte hartuko duten artisten izenak iragarri zituzten atzo. Pailazoen historiaren lekukotasunak biltzeko deia ere egin dute antolatzaileek hitzorduari begira.

BECen izango diren kulturgileetako batzuk ondoan zituztela egin zuten agerraldia Maite Zaitut Kultur Elkarteko kideek.
BECen izango diren kulturgileetako batzuk ondoan zituztela egin zuten agerraldia Maite Zaitut Kultur Elkarteko kideek. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Musika, dantza, zirkua eta beste arte-diziplina batzuk batuko dira BECeko agertokian datorren maiatzaren 3an, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi urte hauetan guztietan egindako lan eskergarengatik eskerrak emateko prestatzen ari diren ekitaldian. «Pailazoek urteetan eta urteetan eskaini diguten soinu-banda abiapuntu hartuta» osatuko da egitaraua. Hala adierazi zuten atzo Maite Zaitut Kultur Elkarteko kideek.

«Egitasmoaren aurkezpenean nabarmendu bezala, herri omenaldi hau esku askok jositako proiektua izan da hasieratik, eta ikuskizuna ere bide beretik ontzen ari gara. Izan ere, euskal eszenako 20 izen handik baino gehiagok bat egingo dute Bizkaia Arenako oholtzan», esan zuten.

Festa handia gerturatzen eta ikuskizuna gorpuzten ari denean, bertan parte hartuko dutenen izenak iragarri zituzten ekitaldian. Itziar Ituño, Lur Errekondo, Sua Enparantza, Gure Zirkuko kideak, Eñaut Elorrieta, Uxue Alberdi, Amets Arzallus, Olatz Salvador, Kai Nakai, Aitor Gorosabel, Maialen Lujanbio, Go!azeneko lagunak, Tapia eta Leturia, Landarbaso abesbatza, Oinkari dantza taldea, Bonberenea Txaranga, Beñat Gaztelumendi, Yogurina, La Pulga, Jon Maia, Gozategi, Igor Elortza, Nerea Urbizu, Beatriz Egizabal, Ines Osinaga, Amets Aranguren, Intza Alkain, Anabel Arraiza, Bizipoza Elkartea nahiz inguruko erraldoiak ariko dira elkarrekin.

Ikuskizunaren zuzendari Agurtzane Intxaurraga «oso eskertuta» agertu zen, hitzorduan parte hartzeko baiezkoa eman duten artista guztiekin.

Hitzordua plaza horretan bertatik bertara ikusteko harmailetako sarreren erdiak salduta baldin badaude ere, omenaldiarekin bat egin nahi dutenek eskuragarri dituzte oraindik sarrerak, 15 euroan, nikeremaitezaitut.eus atarian. Nerea Godoyk, Maite Zaitut Kultur Elkarteko kideak, herritarrak animatu zituen pistako sarrerak ere erostera; «haurrekin bertaratzeko ere gune atsegin eta aproposa izango da pista, gauza dibertigarriak gertatuko baitira bertan».

«ABESTI MITIKOAK»

Ikuskizunaren eszenaratzea eta gidoia osatzeko unea da orain. Ane Labaka gidoilariak iragarri du «abesti mitikoak» oholtzaratuko dituztela eta, esaterako, “Musua”, “Amona Maria Luisa” eta “Maite zaitut” doinuak iritsiko direla ikus-entzule guztien belarrietara. «Bistan da, parte hartzaileen aniztasunak eta hautatutako abestiek belaunaldien arteko hari bilakatuko dutela Pirritx, Porrotx eta Marimototsi eskainitako omenaldia», esan zuten.

Pailazoen historiaren lekukotasunak biltzeko deia ere egin dute antolatzaileek, hitzorduari begira. «Ia guztiok daukagu txikitako argazkiren bat beraiekin, eta 37 urteko ibilbidean zenbat bihotzetan sartu diren erakutsi nahi diegu, BECen argazki horiek guztiak plazaratuz. Gaurtik aurrera eta festa erraldoia hurbildu bitarte, herritarrek aukera izango dute, garaiak garai eta urteak urte, Pirritx, Porrotx eta Marimototsekin nahiz Katxiporretaren unibertsoko edozein elementurekin dituzten argazkiak webgunera bidaltzeko», esan zuen Godoyk.