Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Harira, demontre!

Aste neketsua gaur amaitu den hau! Eskerrak lasaiagoa izan dela gaur hasten dena baino! Total, holakoetan ohikoa dudanez, galopan begiratu dut prentsa, etxera iluntzean bueltan. Di-da, izenburuko letra larriei erreparatu eta arin batean saiatzen naiz asmatzen letra xeheak zer dioen, horraino heldu gabe. Eta hala noa nire narratiba eraikitzen, iluntzez iluntze, neketik nekera!

Inbasioaren urteurrenaz leitu dut, eta Covid zer harena pasatu zait burutik, milioika lurtarren gorputza inbaditu zuenekoa! Bada ez, Ukrainako ekialde errusiazalea Errusiak indarrez hartu zionekoa da efemeridea. Hortaz, inongo estatu baten mugak ezin dira sakratutzat jo, are gutxiago mugok uniformedunen kartaboiaz marratuak izan badira, baina inongo estatu handinahi batek ezin du, ondokoaren mugak zeharkatuta, berarentzat sakratu izango diren muga berriak armaz ezarri. Eta orduan? Auskalo! Irudimena agintari, NBEk ez duen irudimena, are gutxiago aginpidea! Esan gabe doa ezkor aktiboa naizen aldetik aspaldi bota nuela Bilboko mapamundia izkinako paperontzira.

Harira, demontre, Murgoitio, harira! A, bai, prentsa lar arin gainbegiratzearen narratiba arriskuaz nengoen, ustez. Astro batzuk lerrokatu egin direla ikusi dut nonon. Eta gero albistegiak argitu dit iluna. Etxe Zuriko korta obalean izan dira astro batzuk lerrokatzekotan, baina bai zera, batak eta besteak orbita ezberdina hartu dutela, momentuz, Lurraren kalterako betiere. Nik plaken tektonikari leporatzen diot gaurko planetako estatu batuen nahasmena, izan Amerikakoak, Errusiakoak edota Europakoak. Errua bota bai, lur arraroak ekarri zituelako, zoritxarrez. Total, ez ninduke harrituko hurrengo aita santuak San Petri plazako balkoi hartan motozerra airean dabilela ikusteak, kripto-ostiak iragarriz! Hamaika ikusteko gara gero!