«Kristalezko zooa»: Tennessee Williams gaurkotuta eta euskararen galbahetik pasata
Arriaga antzokian jo eta su lanean ari dira egun hauetan, bi aste barru ekoizpen propio baten bertsio elebiduna estreinatuko baitute. Tennessee Williamsen «Kristalezko zooa» klasikoari galbahea pasatu eta bere ikuspegi propioa ezarri dio Natalia Menendezek (Madril, 1967), lau aktore euskaldunen laguntzaz.

Tennessee Williams (1911-1983) XX. mendeko antzerkigile iparramerikar handietako bat da. Gehienok Marlon Brando eta Vivien Leigh aurrez aurre jarri zituen “Desira izeneko tranbia” (Elia Kazan, 1951) pantaila handiko bertsioarengatik gogoan izango dugu, baina baditu beste hainbat lan, horien artean “Kristalezko zooa” (1944, The Glass Menagerie), ospea ekarri ziona.
Klasiko hau bere galbahe pasatu du Natalia Menendezek eta, euskal aktore talde sendo batekin batera -Mikel Losada, Ione Irazabal, Miren Gaztañaga eta Arnatz Puertas-, Arriaga antzokiarentzat ekoizpen elebiduna prestatzen ari da egunotan. Bilboko antzokiak lan honen bi bertsio ekoitzi eta oholtzaratuko baititu, bata euskaraz, “Kristalezko zooa”, martxoaren 21etik 23ra, eta bestea gaztelaniaz, “El zoo de cristal” izenekoa, apirilaren 3tik 6ra ikusi ahalko dena. Euskarazko estreinaldia Loraldia festibalaren lankidetzarekin egingo da, eta GARAren babesaz.
Tennessee Williamsek 1944an idatzi zuen, urte hartako abendu amaieran Chicagon estreinatzeko. Bere bizitzan oinarriturik, 1930eko krisi garaian maldan behera doan Wingfield familia disekzionatzen du: Amanda Wingfieldek (ama, Ione Irazabal antzezlanean) Laura alabari (Miren Gaztañaga) mutil laguna bilatu diezaiola agintzen dio Tom semeari (Mikel Losada). Orduan Jim O’Connor (Arnatz Puertas) etxera eramango du Tomek.
Arriagan jo eta su lanean ari dira, ekoizpen bikoitz bat egitea ez baita lan erraza. «Ibilian goaz -argitu zuen Natalia Menendezek-. Eszenografia prestatzen ari dira, musikarekin lantzen hasiko gara bihar, jantziak eta ile-apainketarekin ere ari gara... eta Getari Etxegaraik [zuzendariaren laguntzaileak] euskararen ekoizpenarekin laguntzen dit».
Kepa Errastik egin du euskarazko itzulpena; Natalia Menendez bera zuzendaritzaz eta moldaketaz arduratu da. «Ez nuen Tennessee Williams ezagutzen -aitortu du-. Oso urrutikoa egiten zitzaidan, eta, antzeztuta ikusi dudanean, ez dut gustukoa izan, naturalismoaren aitzindaritzat jotzen delako. Calixto Bieitok [Arriagako zuzendari artistikoak] eskaini zidanean, harritu ninduen: baina zergatik eskaini dit niri? Eta liburua erostera joan nintzen. Testuaren sarreran bertan, eta horrek asko harritu ninduen, honetaz ohartu nintzen: egileak berak dio antzezlan hura ez dela antzezlan errealista bat. Orain arte oholtzara eraman dutenak ez al dira horretaz ohartu? Amets bat gauzatzea bezalakoa izan da».
Proiektuak eskaintzen duen alderdi erakargarrietako bat klasiko handi bat euskaraz ikusteko aukera da. “Azken erromantikoak” filmean Irune gorpuztu ondoren, orain Laura apalaren azalean sartu da Miren Gaztañaga. «Arkeologia egitea bezalakoa da klasiko bat lantzea, baina zure tamainakoa bihurtzea da erronka», aitortu zuen. «Klasiko batek beldur pixka bat ematen du, publikoak aurreiritzi batzuk dituelako, ezagutu egiten duelako -gehitu zuen Losadak-. Baina Nataliak ‘buelta’ bat eman dio: lehenengo irakurketan ez nion komedia askorik aurkitu, baina badu, eta ukitu surrealista bat ere bai. Azkartasuna eman dio Nataliak Williamsi, eta ikusleria ‘flipatuta’ aterako da antzokitik». Beldurra ken diezaiegun klasikoei, eta jendea etor dadila testu ikaragarri on bat gozatzera».

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
