Andrea IBARRA
D. LOHIZUNE

Baptiste D’Aleman: etxean lubakituta, herrian bizitzeaz kontzientziatzen

Donibane Lohizuneko Camping Playa zaharrean errentan bizi da Baptiste D’Aleman; lau urte daramatza etxetik bota nahi duten promotoreei aurre egiten. Mehatxuak, intimidazio ekintzak, ura eta argindarra moztea... bere ibilbide pertsonala higiezin-merkatuaren gehiegikerien aurkako borroka bihurtu da, KAZETArekin solasean azaldu duenez.

Surflaria eta De Grands Enfants bikote lohizundarreko kantari eta gitarrista da D'Aleman.
Surflaria eta De Grands Enfants bikote lohizundarreko kantari eta gitarrista da D'Aleman. (Patxi BELTZAIZ)

«Irabazi arte». Hori da lau urteotan, Lafiteneako itsaslabarretan, Baptiste D’Alemanek behin eta berriz haizeratu duen lema. Ez du ikur bilakatu nahi, ezta martir izan ere: bakean bizitzeko nahiak ematen dio erresistentziarako indarra. Izan ere, Donibane Lohizune eta Bidarte artean, hondar eta harribilez beteriko hondartzari begira, surfaren paradisua bistan da. Bertan bizi denaren errealitatea, berriz, posta-txarteletatik urrun dago.

Euskal kostaldean turismoak eta higiezinen espekulazioak etxebizitza eskubidea mehatxatzen dutelarik, D’Aleman ez da alokatzaile arrunta. Izan ere, «irabaziak oinarrizko eskubideen gainetik ezartzen dituen sistemaren» kontrako borroka gorpuztu du. Prozesu judizial luzean, hemendik bi hilabetera, maiatzean, jabeen kontrako epaiketa berri bati aurre eginen dio, ura eta argindarra moztu dizkiotelako salatu baititu.

Elektrizitatea moztua du 2024ko uztailetik, eta ura, abenduaz geroztik. Ur-baldeekin eta kutxa elektriko batekin egiten ari da aitzina, «mundu guztiak ez ikusi eta ez entzun egiten duen bitartean», salatu du. Jabearen berririk lortu ezinik, Herriko Etxeari dagokio oinarrizko behar horiek bermatzea, osasun-segurtasuna ziurtatzeko. Donibane Lohizuneko Udalak bere gain hartu du une honetan afera.

«Akitua naiz, baina Lafitenean ez da gehiago zarata etengaberik izanen, ez itsaslabarra desitxuratzen duen garabirik, ezta legez kanpoko instalaziorik ere. Ez dute lortuko 7 milioiren truke saltzea 3 milioiren truke erosi zutena», erran du.

Etxebizitza kokatua den itsaslabarraren higadura baino areago, murruetatik barnerako higadura da nabarmen bertan. D’Aleman duela zortzi urte hasi zen Camping Playa zeneko apartamentu batean bizitzen, Akotze auzoan. Garaian, musikari eta surflariak ez zuen eraikuntza horrek hartuko zuen kutsua igarri ahal. Leku hori, Natura 2000 gisa sailkatua, borroka juridiko eta ekologiko baten erdigune bilakatu da.

Campingaren salerosketa gauzatu nahiarekin heldu ziren arazoak, 2021aren hastapenean. Lehenik, jabe zen Valentin Larreguy saltzaileak, eta ondotik, lekua erosi eta lekukoa hartu zion Denbora Developpement promotoreak direnak eta ez direnak egin zituzten alokatzailea kanporatzeko. Urte bukaerara arteko kontratua zuen, bertan bizi zen pertsona bakarra zelarik.

Fite bilakatu zitzaion paradisua infernu: «Scooterra eta berotzeko baliatzen nuen egurra ebatsi zidaten, leihotik sartu ziren nire etxean pintura toxikoa nonahi ezartzeko, heriotzarainoko mehatxuak egin dizkidate, sarraila behin baino gehiagotan aldatu didate, nire apartamenturako sarbidea blokeatu zuten. Hiru astez etxerik gabe egon nintzen…», luzea da salatzen duen jazarpenen zerrenda.

Alde egiteko diru-proposamen erakargarriak egin zizkioten, «hainbat urtetako soldata baino gehiago, baina ezin nuen onartu». Kontziente da hori zatekeela errazena.

DIRUAREN LEGEARI AURRE

Etxetik botatzeko legez kanpoko maniobrak gorabehera, D’Alemanek alokairua eta gastuak ordaintzeko deliberamendua erakutsi du. «Bortitz bilakatu nahi zaituzte, legez kanpoko gauzak egitera bultzatu, baina hori baino abilagoak izan behar gara», gogoetatu du. «Anitzetan mintzatzen da okupatzaileez, baina gutitan jabe ustelez. Erakutsi dut ‘saltinbanki’ batek, lansari minimoa duenak, higiezinen mafia bati aurre egin diezaiokeela».

2021 hartan justiziara jo eta prozedura luze bat abiarazi zuen. 2024ko urtarrilaren 30ean, epaitegiak alokatzailearen alde egin zuen: bere kontratua berriz sailkatu zuten, baita kalte-ordaina eman ere. «Kontent naiz, baina dolu dut erasoak onartu ez izana», aitortu du. Horri esker, 2028ko abendura arte luzatu diote alokairu kontratua.

Nekeak eta eraso fisiko eta psikologikoek markaturik ere, itxaropena atxikitzen du, jabe berriekin egoera hobera joanen delakoan.

Herritarren eskertza sentitzen duela dio. Zalantzarik ez du; «ingurura so egitean ikusten den edertasunak, lurrarekiko maitasunak» ematen dio borrokan jarraitzeko indarra: «Ez dugu utziko Euskal Herria Kalifornia berria bilakatzen».