Betharramen Elizak bazekizkienak isiltzen zituela esan du gotzainak
Marc Aillet Baionako apezpikuaren aitormenaren txanda izan zen atzo. Eliza katolikoetako erakundeetan, tartean Betharramen, sexu indarkeriak ezkutatu zituztela adierazi zuen. Hitza eten zion Arnaud Gallais haurren babeserako elkarte bateko kideak, justizia eske.

Marc Aillet Baiona, Lescar eta Olorongo apezpikuak lehen aldiz hitza hartu zuen atzo publikoki Betharram aferari buruz, Baionako elizbarrutiaren egoitzan eginiko prentsaurrekoaren bidez. Laurent Bacho apaiza, kongregazioko entzute gelaren arduraduna, eta Vincent Destais, Eliza katolikoko hezkuntzako zuzendari diozesa ondoan zituela, elizako zenbait erakundetan azkenaldian azaleratutako indarkeria fisiko, psikologiko eta sexualak aipagai izan zituen, tartean Uztaritzeko Saint-François-Xavier ikastetxea eta Notre-Dame de Betharram.
Prentsaurrekoa hasi bezain fite eten zuen Arnaud Gallaisek, Ciiviseko kide ohia eta Mouv’Enfants haurren babeserako elkartearen sortzaile kidea dena. Biktimen omenezko esku zuri bat soinean, «justizia egin bedi biktimentzat. 8 eta 11 urte bitartean bortxatu ninduten eta nire Betharrameko anaiak sostengatu nahi ditut, baita nire Garaioneko anaiak ere», adierazi zuen.
Egoeraren larritasuna eta biktimen sufrimendua mahai gainean, apezpikuak Elizaren hutsak aitortu zituen: «Gauza batzuk bagenekizkien eta gordetzen genituen, baina ez soilik Elizan». Alde horretatik, «omerta bat» salatu zuen, denbora luzez gertakari hauek guziak itzalpean atxiki dituena.
Aldi berean, nabarmendu zuen Eliza ez dela egon «25 urtez geldirik», azalduz 2016tik entzute gela bat ezarri zela kudeatzen duen elizbarrutian, bi salaketa aditzera eman dizkietela Baionako eta Paueko prokuradoreei, eta «gazteen babeserako protokoloa» plantan ezarri dutela, abusu berriak ekidite aldera.
«Gure kongregazioan itsuturik ginen. Geure buruaz lotsatzen gara», aitortu zuen Laurent Bachok. Iraganeko akatsak zuzendu eta biktimak justiziaren bidean laguntzeko borondatea azalduz, neurri batzuk proposatu zituen, hala nola plaka oroigarri bat ezartzea Betharramen, eta lurrak zein eraikinak saltzea, biktimentzat funts bat sortzeko.
Errudunak identifikatu eta kondenatzeko, justiziarekin lankidetzan aritzeko beharra azpimarratu zuen Baiona, Lescar eta Olorongo apezpikuak, ekintza hauek errepikatuko ez direla bermatzeko xedez. «Niretzat garrantzitsuena biktimak dira», adierazi zuen: «Inoiz baino garrantzitsuagoa da gure kezken muinean diren biktimak arduraz entzun, aitortu, babestu eta laguntzea».

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
