Ziklogenesiak nahierara!
Eskumenak tantaz tanta datoz, handik hona etorri ere, estatutua hemengoa izanda ere. Tantaz tanta, tanta-aldiak motzagoak direla etenaldiak baino. Oraindik indarrean den iraganaldian hemengo tentaldi guztiak ez dira tanta-aldi bihurtu, kontuak kontu eta, batez ere, estatua estatu; ez baitira maila berean hango estatua eta hemengo estatutua. Ea estatus berriak zer argitzen duen! Baina tira, eskumen batzuk hor dira! Tantaz tanta jausitako eskumena zelanbaiteko estalagmita politikoa zoruan uzten ari dira, inguruko kobazulo batzuetakoak denboran arinagoak sortuak izan badira ere! Hortaz, eskumenak hobeto eskupenak baino!
Total, meteorologia eskumena da eskura Lakuak daukan azken tanta. Pozten naiz, aurrerantzean gure eguraldia kudeatzeko modua sikiera izango baitugu: noiz euria egingo itsasora doazen ibaiak lasai asetzeko, zenbat euri tren lasterreko tunelak ez itotzeko beste, noiz eguzkia izango hondartzak gauez argitzeko, zenbateko haize ufadak erroten hegalak mugitu eta energia urruneko burtsan saltzeko… eta, garrantzitsuena dena, ziklogenesiak nahierara antolatzeko! Ez dadin gertatu ileapaindegian hiru ordu eman ondoren kalera irten eta hara, dzast!, ilea lau haizeetara jarri eta berriro barrura hitzordu berriaren eske!
Are gehiago da inportantea meteoko tanta hori aurretik kostakoa ere izanda. Dagoeneko olatuak kudeatu ditzake Lakuak, busti gabe ere. Ez da arraroa gero surf federazioa onartua izana, beste tanta-aldi batean. Pilotarena beste kontu bat da, teilatua da honetan arazoa. Baina tira! Olatuetatik harago antxoarena konpontzeko balio izango balu? Ez, ez nago kuota handitzeaz, ez ba! Prezio-kate ganorazkoaz nago, merkatua porturatzeaz, eta hiriak ortura eroateaz. Horko teilatuaz nago! Estatu gehiago estatutu baino, hemen!

67 preso 20 urtetik gora espetxean, eta 44k ez dute kalea zapaltzen

Sufrimenduaren zikloa ixteko etxeratzea, gazteenen eskaria

Bilbo se moja por el fin de la «injusta legislación de excepción» carcelaria
En el corredor de la vergüenza
