GARA
GASTEIZ

«Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu» manifestazioa, igandean Gasteizen

Iruña-Veleia Argitu, Ez Suntsitu plataformak manifestazioa deitu du martxoaren 30erako Gasteizen, aztarnategian egiten ari diren «sarraskia» salatu eta auzia «behin betiko argitzeko» eskatzeko. Martxa 12.00etan abiatuko da, Probintzia Plazatik. Bertan dago ikusgai «Iruña-Veleia, 3,000 urteko historia» erakusketa.

Gasteizko erdialdean ikusi ahal diren panelak.
Gasteizko erdialdean ikusi ahal diren panelak. (AFA)

“Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu” lemapean, manifestazioa deitu du izen bereko plataformak martxoaren 30erako, Gasteizen. Ohar bidez atzo azaldu zuenez, aztarnategian egiten ari diren «sarraskia» salatu eta auzia «behin betiko argitzeko» eskatuko da 12.00etan Probintzia Plazatik abiatuko den martxan. Aztarnategiari buruzko azken albistea iazko udan iritsi zen, zirku erromatarraren aurkikuntzaren berri eman zenean.

«2009an Eliseo Gilek eta Idoia Filloyk zuzentzen zuten Lurmen arkeologia-taldea modu bidegabean bota zutenetik, hainbat aldiz sartu dute hondeamakina aztarnategian, hondoko harria jo arte», azaldu zuen plataformak, eta zenbait adibide ere eman zituen: «2010ean EHUko Julio Nuñezek zuzentzen zuen taldeak 7.000 metro karratuko eremu bat suntsitu zuen harresi kanpoaldean, eta 2016an euskarazko grafito asko agertutako 6. sektorea hondatu zuen. 2023tik gaur arte, Qark enpresa sekulako sarraskia egiten ari da aztarnategiko leku ezberdinetan. Hau guztia, jakina, Foru Aldundiaren babesaz eta bedeinkapenaz».

Zehaztu zutenez, hiru kasu horietan salaketak jarri dituzte epaitegiaren aurrean, «txikizioaren» bideo eta argazkiz lagunduta, «baina erantzuna beti berdina izan da: zuzen jardun dute arkeologoek».

Gauzak hala, Iruña-Veleiako grafitoak benetakoak diren ala ez argitzeko proba gehiago egin daitezela eskatu zuten. «Oso erraza da eztabaidatutako grafitoak benetakoak diren ala ez jakitea. Aski litzateke laborategi espezializatuetara piezen lagin bat bidaltzea. Arabako Foru Aldundiak behin eta berriz uko egin dio Lurmenek eta argitzearen aldeko taldeek egindako eskariari. Zerbaitegatik izango da», esan zuten.

ERAKUSKETA GASTEIZEN

Bestetik, Probintzia Plazan, Gasteizko erdigunean, “Iruña-Veleia, 3.000 urteko historia” erakusketa ikusgai izango da apirilaren 4ra arte. Erakusketa horren bidez, «aztarnategia lurraldeko hiriburura hurbildu nahi da», herritarrek «pixka bat gehiago» ezagut dezaten.

Hala adierazi zuen atzo Inmaculada Sanchez Arabako Foru Aldundiko Kultura zuzendariak, 20 panelez osatuta dagoen erakusketa aurkezteko egindako ekitaldian.

«Aztarnategi ikusgarri horren garrantzi historiko eta ondare handiaz kontzientziatu egin nahi da. Izan ere, guztion lana da gure historia gogoan izatea, eta gure aldetik, arabarrei eta bisitatzen gaituztenei gogoraraztea altxor bat dugula gure lurraldean, bisitatzea merezi duena», azaldu zuen.

Hala, erakusketarekin batera, “Iruña-Veleia 2022-2025” biziberritzeko eta garatzeko proiektuaren barruan aztarnategia ikusarazteko beste ekintza batzuk egingo direla nabarmendu zuen Sanchezek.

Hala, bisita gidatuen urteko programa mantenduko da, Aste Santutik irailera arte. Joan den urtean 4.000 lagunek baino gehiagok bisitatu zuten aztarnategia; gehienak arabarrak. «Familiak eta taldeak etortzen dira, eta gure nahia da jende gehiago etortzea».