Edertzat agertu izan den horren lokatzak agertzeko ahalegina
Amatasunak markatutako garai jakin batean idatzitakoak bildu ditu Ane Labakak “Hezur berriak” lehen poema liburuan. Begi bat pantailatik kanpora daukala idazten ikasi duenaren begirada aurkituko du irakurleak. Politikoa. Ama beste ezer ez izateko arriskuari aurre eginez hartutako determinazioaren emaitza da poemarioa.

Bi haurdunaldiren kontakizuna da “Hezur berriak” (Susa): haurra sabelaren barruan zuenekoa da lehena; erditu osteko lehen bederatzi hilabeteez dihardu bigarrenak. Ez da amatasunari buruzko liburu bat, amatasunak markatutako bizi aro jakin batean idatzitako poema sorta baizik.
Katixa Agirre, Remedios Zafra, Mar Garcia Puig, Jazmina Barrera, Adrienne Rich... idazle ugariren oihartzunak ekarri zituen Labakak ekitaldira. Pozik agertu zen «mugikorrean apuntatutako ohar putzua» liburu bihurtzeko aukera izan duelako. Zirkunstantziek bultzatuta eseri da poesia idaztera. “Así duermen los delfines” haurren liburuan guraso berriek izurdeek bezalaxe begi bat irekita lo egiten dutela kontatzen dute Sofia eta Veronica Wiñazkik. «Nago orain badakidala zerbait begi bat pantailatik kanpora daukazula idazteaz ere», adierazi zuen.
Anbibalentziak blaitutako poema liburua da Labakak dakarrena. Pozak eta gozamenak, beldurrak eta erruak, itomenak eta entusiasmoak... denak du kabida liburuan. «Gaiari ertz askotatik begiratzen zaio. Idazlearen begirada gailentzen da, eman zaiona zalantzan jartzen, bide propioa egiten saiatzen, haurrarekin batera heldutako argi eta itzaletan nabigatzen», deskribatu zuen poemarioa Leire Lopez Ziluaga editoreak. Gorputzak presentzia handia du liburuan. «Gorputza jartzeari buruzko poema bat dago liburuan. Horixe egin dut, gorputza jarri literarioki bezainbat literalki. Gorputza, bere haragi eta odol, bere nahi eta ezin», esan zuen Labakak.
«Zintzo» jardun nahi izan du biolentziaz, erruaz, presio sozialaz, pozaz, nekeaz... «egiazko kontakizuna ontzeko, bene-benetakoa». Begirada politiko batetik. «Neure begiradatik papereratu nahi izan ditut egunero detaile konkretuak, detaile txikietatik konplexutasun zabalagoa harrapa nezakeelakoan», zehaztu zuen.
«Ez dago ezer politagotu edo zikintzeko saiakerarik, gehiago da izatekotan edertzat agertu izan den horren lokatzak agertzeko ahalegina. Eta, era berean, lohi horietatik ederra izan daitekeen zerbait sortzekoa. Ederra, baina lokatzezkoa», gaineratu zuen.
Amatasuna edo norbanakotasuna? Amatasuna edo sormena? Amatasuna edo libertatea? bezalako hautu inposatuen aurrean hartutako determinaziotik jaiotakoa da poema sorta. «Ez errurik gabe, baina ‘Hezur berriak’ bada idazten jarraitzeko egoskorkeriaren emaitza ere. Ama bilakatzeak berarekin zekarren ama beste ezer ez izateko arriskua, kolpetik beste guztia ezabatzekoa. Horrexegatik izan daiteke idazketa norbera izateko modu bat. Liburua idazketaren aldeko hautuaren berrespena da funtsean», aitortu zuen Labakak atzo.

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
