Eli PAGOLA
Entrevue
Jon ETXEBESTE
Oiartzungo Elika kooperatibako kidea

«Nekazaritzan izan diren parametro historikoak asko hobetu ditugu»

2017. urtetik hona, Elika kooperatiba elikadura-burujabetzaren alde lanean ari da Oiartzunen. Hainbat eragileren lankidetza eta sinergia bilatzen du, hasi kooperatibako bazkideetatik eta Oiartzungo Udalera. Elkarlanaren gakoen inguruan mintzatu da oraindik orain NAIZ Irratian Jon Etxebeste kooperatibako bazkide eta boluntarioa.

(Jon URBE | FOKU)

2017an hasi zenuten bidea, Oiartzunen. Elikadura burujabetza helburu, agroekologiaren bidean zoazte. Zer moduzko bilakaera izaten ari da Elika?

Interesgarria. Oiartzunen, beste hainbat herritan bezala, lehen sektorea desagertu egin da ia, orduan, zenbait jendek bagenuen kezka. Joseba Azkarragaren “Euskal Harriak” liburua izan zen iturburua hona iristeko, azkenean liburuak interpelatu egiten baikintuen eta gure aletxoa jarri beharra ikusi genuen. Nondik hasi? Batzuetan ahaztu egiten zaigu edo egungo zibilizazioak daraman zarata eta anabasak eragozten digu ikustea oinarria elikadura dela. Hortik abiatu ginen.

Langileak badaude, baita bazkideak ere. Nola uztartzen dira bi figurak egunerokoan?

Elikaren arrakastaren gakoetako bat hori izan da. Hasieratik ekosistema bat sortu dugu, non langileak babestu ditugun eta eurekin elkarlanean ateratzen dugun proiektua aurrera. Bazkideei dagokienez, badago inguru bat inplikazio maila ezberdinekoa; taldetxo bat gertuago, beste batzuk urrutiago, baina denok egiten dugu ekarpena eta Elika egiten dugu askoz ere indartsuagoa eta atseginagoa.

Elikadura eskubidea bada, nola bermatu kontsumitzailearen irisgarritasuna eta ekoizlearen baldintza duinak? Egungo testuinguruan ez da erraza biak lotzea.

Jendeak egiten badu irakurketa sinple bat eta hipermerkatuetako prezioak alderatzen baditu agroekologiarekin, ezberdintasunak badaude. Baina irakurketa askoz ere zabalagoa egin behar da. Agroindustrian produktuak -eta horiek dira merkatuan dauden ehuneko handi bat- oinarritzen dira penintsulako hegoaldetik eta ekialdetik ekarritako produktuetan eta hor badakigu etorkin askoren izerdia dagoela, garraio eta energia kontsumo handia dagoela eta, horrek, ondorio batzuk ditu energia aldetik, kutsadura aldetik eta baita sozialki ere. Irakurketa zabalagoa egitean konturatzen zara hemengo produktua, kalitatez zerikusirik ez duena, ez dela hain garestia.

Komertzializatzeko zer bide baliatzen dituzue?

Hiru bide ditugu. Batetik, Oarsoaldean badugu Labore, gehienbat bertako produktuak saltzen dituen kooperatiba, eta hor saltzen dugu ekoizpenaren herena edo. Gero, salmenta zuzena egiten dugu Elikan bertan. Kokapen ona dauka, bidegorri baten ondoan dago eta inguruko jendeak paseoan ibiliz erosketak egiteko ohitura hartu du. Hirugarrenik, otarraren sistema. Astean behin berrogeita piko otar banatzen ditugu. Horrela, ekoizten dugun guztia saltzen dugu eta gehiago ekoitziko balitz, gehiago salduko litzateke.

Ziurtasun handiagoa ematen du bazkideen inplikazioak eta saltze sistema horrek?

Agroekologiako proiektu guztien gakoa da ekoizten duzuna nola saldu eta komertzializazio bide batzuk nola bermatu prezio duinetan dena saltzeko. Horrekin lotuta doa lehen aipatutako ekosistema soziala. Jabetu behar dugu langileek protagonismoa dutela proiektuan, noski, baina inguruak, bazkideak, oso oinarrizkoak direla garapenerako. Gainera, ez da bakarrik lana, baizik eta zure bizitzari bizipoz dosi on bat ematea da eta, neurri batean, garai likido hauetan, harremanek eta kontzientzia sozialak zein politikoak zentzu bat ematea egiten duzunari.

Nekazaritzak, lan arloa den heinean, zein erronka nagusi ditu?

Erronka latzak. Gure herrian burujabetza hainbestetan aipatzen denean, gezurra dirudi burujabe izateko oinarrietako bat elikadura dela. Elikadura ez badugu bermatuta, ez gara ezer. Garai likido hauetan galdu dugu oinarrizko beharren erreferentzia.

Nekazaria izan da soldata justua eta lanaldi luzeak izan dituen langilea. Hori aldatu daitekeela uste duzu?

Maila handi batean hori gauzatu dugula uste dut. Ezin dugu alderatu industriarekin edo puntako zenbait sektorerekin, baina egia da nekazaritzan izan diren parametro historikoak asko hobetu ditugula.

Erreleboak kezka eragiten du nekazaritzan; ez da erraz gauzatzen ari den kontua. Zuen kasuan, erreleboa baino, langileak topatzea izango da, ez zarete sortu zaharrak eta. Nola ikusten duzue sektorea?

Zailtasunak ikusten ditugu eta gure proiektuan ere langile aldaketak izan dira baldintzak ez direlako errazak. Hori aipatu behar da. Etorkizunera begira, bada, ez dakigu. Egia da gure ekonomian industriak eta beste sektore batzuek pisu handia izan dutela eta nekazaritza beti ikusi dela sektore xumea eta baldintza gogorragokoa. Baina Iparraldean badute esperientzia bat; urte asko daramatzate lehen sektorea lantzen eta gure aurretik doaz. Nik uste Hegoaldean baditugula erronkak lehen sektorea indartu eta bultzatzeko eta horrek eskatzen du herriaren inplikazioa. Instituzioena ere bai, noski. Ikusten dugu industria eta beste sektore batzuetarako dirutza jartzen dela eta ez dugu ulertzen lehen sektorea nola dagoen utzita. Esan dugun zibilizazio krisian kolapsoa mahai gainean dago eta hori izango litzateke modu bat etorkizunera begira bermatzeko agertoki bat atseginagoa edo erresilienteagoa.

Lakuako Gobernua, Gipuzkoako Foru Aldundia, Landaola, Lurgintza, Abelur, Elika Fundazioa, Hazi, Lanbide, Etorlur eta Fraisoro Eskola elkarlanean aritu dira «Trebatu» programa garatu eta aurkezteko. Bertan, erreleboa eman nahi duten nekazariak eta ofizioan sartu nahi duten langileak elkartzen dira. Zuenean bada trebatzaile bat. Nola doa trebatzea?

Langile bat sartu da duela hilabete inguru. Dena den, langile horrek bazuen esperientzia, sektorean ez zen berria, baina txertatu dugu proiektuan sendotasun handiagoarekin. Gustura gaude. Dena den, instituzioak aipatu ditugu eta, egiari zor, instituzio txikietatik abiatuta, Oiartzungo Udalak orain dela urte batzuetatik bazuen egitasmo bat Lurbizi izenekoa lehen sektorea bultzatzeko. Bidelagun izan ditugu, bitartekaritza lan asko egin baitu lur-jabeekin guk lurrak alokatu ahal izateko. Txikitik abiatuta, Udalarekin lankidetza izan dugu eta hori aitortzekoa da.

Zenbateraino eragiten du eskalak? Oiartzun mailan, agian, izan daiteke engranaje on bat garatu izana?

Dudarik gabe. Askotan, herritarrok, gure borondate onarekin eta ahalegin handiarekin, gauzak aurrera ateratzen ditugu, baina egia da instituzioak tartean badaude beste sinergia batzuk sortzen direla.

Aurrera begira jartzeko eskatuta, zertan da Elika kooperatibaren etorkizuna?

Elika proiektu bezala sendotua dagoela uste dut, baina baditu hobetzeko atal batzuk. Langileen lan baldintzak, erretirora begira pentsio hobeak, erreleboa; ikusten ditugu atal batzuk lehen sektorean lantzeko daudenak etorkizunera begira.