Hiru kolektibok gaitzetsi dute ez dituztela kontuan hartu trans pertsonen arretarako gida egitean

Osakidetzak iragarri duen Trans Pertsonen Lehen Mailako Arretako Zerbitzu eta trans pertsonei arreta emateko gida sanitarioaren aurrean, Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorri HAT kolektiboek oharra argitaratu dute, salatzearren ez dituztela kontuan hartu.
Azaldu dutenez, Gasteizko Legebiltzarrak 2024ko otsailean Trans Legea onartu zuenetik, hiru kolektibo horiek elkarrekin lanean aritu dira, «Osakidetzak trans pertsonen kolektiboaren beharrak gidan jaso ditzan».
Bilerak eskatu dizkiote Osasun Sailari, eta abenduan Enrique Peiro Osasun sailburuordearekin batzartu ziren. «Gure eskaerak azaldu genizkion, eta gida horretan gure parte hartzea ahalbidetzeko konpromisoa hartu zuen».
Hala ere, eta «parte hartzeko borondatea argi eta garbi erakutsi arren, gure erakundeetako bakar bati ere ez diote deitu, ezta entzun ere, gida lantzeko». Jaso duten informazioa «komunikabidetan jasotakoa besterik ez» dela izan adierazi dute. Ez informaziorik, ez parte hartzerik, ez borondaterik Osakidetzaren partetik», gaitzetsi dute.
Kolektibo hauen iritziz, Osakidetzak ukatu egiten du «trans pertsonen agentzia gaitasuna, gure osasun sistemaren aldetik jaso nahi dugun arretari dagokionez», eta lan horietan parte hartzeari uko egitea «kontraesanean dago legearen printzipio nagusiekin: subjektu politikoaren aitorpena eta gure gorputzei eta prozesuei buruz erabakitzeko dugun eskubidearekin».
Osakidetzaren jarrera «Eusko Legebiltzarreko gehiengo politikoak adierazitakoaren kontrakoa» dela esan dute: «Trans gaia kontzeptualizatzen du medikuntza arlo hutsean, trans kolektiboari erabakitzeko eskubidea kenduz».
Loratuz Lotu, Anitzak eta Lumagorrik Osakidetzari eskatu diote gidan urrats gehiago ez egiteko, «kolektiboei aurkeztu arte eta eskubide horien subjektuak garen gu entzun eta gero, dokumentua eguneratzeko proposatutako neurriekin».

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian

El robo del año no ha tenido lugar en el Louvre, sino en Spotify
