Gehiengo sindikalak Confebaski eskatu dio gutxieneko soldata negoziatzera eser dadila
Bilboko egoitzaren aurrean mobilizazioa eginda, lanbide arteko gutxieneko soldata propioa negoziatzera eser dadila exijitu diote ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek Confebask EAEko enpresarien konfederazioari. Sindikatuek gutxieneko soldata 1.500 eurokoa izan behar dela adostu dute.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Confebasken egoitzaren aurrean, Bilbon. Salatu zuten patronalak betoa jarri diola Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa adosteari eta negoziatu dezala exijitu diote. Halaber, Lakuako Gobernuari Confebaski ematen dion babesa baldintzatzeko eskatu diote.
Elkarretaratzean adierazi zutenez, hilean 1.500 euroko gutxieneko soldata adosteko prest agertu da EAEko gehiengo sindikala. Akordio horretara heltzeko «esfortzu nabarmena» egin dutela adierazi zuten sindikatuek. Horregatik, Confebaskek ukatu dien bileran entzun nahi izan ez dituenak oihukatu zizkioten.
LABeko Oihana Lopetegik adierazi zuen patronala «parasito bat» bezala jokatzen ari dela. Halaber, sindikatuak uste du jarrera horrek eta gutxieneko soldata propio bat ez izateak ezbaian jartzen dutela Euskal Herriaren garapen ekonomikoa.
ELAko Peio Igeregik azaldu zuen patronalak nahiago dituela estatu mailako hitzarmenak, langileak esplotatzea ahalbidetzen dutelako. Erantsi zuen «talentua erakartzearen» ideiaren aurka badaude ere, horrentzako oztopoa ez dela euskara, azkenaldian sinetsarazten saiatzen ari diren bezala, baizik eta lan baldintzak.
ESK-k argi ikusten du gutxieneko soldata propioa prekaritatearen aurkako tresna dela eta azpimarratu zuen mesede egingo diela langile sektore zaurgarrienei.
BETOARI EZETZA
Sindikatuek argi utzi dute ez dutela onartuko Confebaskek gutxieneko soldata propioa ezartzeko betoa izatea. Horretarako, presio egingo diote patronalari, mobilizazioen bidez. Sinadura bilketa egingo dute, Gasteizko Parlamentuan izapidetutako Herri Ekimen Legegilea onartzea xede.
Horretaz gain, alderdi politikoei eta instituzioei dei egin diete Confebaski aurre egin diezaioten.

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político

«Basoez hitz egiten dute, baina basoa suntsitzen dute landaketa sartzeko»

«Dirigiremos Venezuela hasta la transición», proclama Trump

Iban Apaolaza presoa hilik aurkitu dute Aiako Harrian
