Sunsundegiko langileek Altsasuko Udalera jo dute «laguntza» eske
Sunsundegiko langileek Altsasuko Udalari laguntza eskatu diote, astelehenerako aurreikusia baitago likidazioa. Bestalde, BSHko langileak Lan eta Industria Ministerioekin bilduko dira.

Sunsundegui enpresako langile-batzordeak herriko udaletxera eraman zuen atzo bere egoera, ezin garratzagoa. Udal talde guztiei laguntza eskatu zien, baita «inplikazioa» ere, abiatzear den likidazio prozesuari aurre egiteko. Sakanako hiriburuko plazan elkarretaratzea egin zuten langileek, eta bertatik udaletxera jo zuten, beren egoera zehazten duen idatzi bat helarazteko eta babesa eskatzeko.
Idazkian gogora ekartzen zuten duela egun batzuk jakinarazi zietela administratzaileek balizko inbertsore belgikarrak ez duela azkenean eskaintzarik aurkeztuko.
Aukera hori bertan behera gelditu denez, likidazio prozesuari abian jarriko da. Eta egun bat finkatu da horretarako: apirilaren 14a, hurrengo astelehena alegia. Beste modu batera esanda, azken orduko konponbiderik agertzen ez bada, langile guztiak lanposturik gabe geratuko dira, salbuespenik gabe. «Espero genezakeen bukaerarik okerrena da», nabarmendu zuten atzo langileek. Izan ere, indemnizazioa lortzeko Fogasaren bidea baino ez dute izango. Kasik 350 langile ditu enpresak gaur egun.
Udal taldeei aditzera eman zietenez, urte hauetan guztietan pilatutako eskarmentua jakina da (Nafarroako enpresa beteranoetakoa da Sunsundegui, 1944. urtean sortua). «Profesional talde handia biltzen dugu, sektore ezberdinetan trebatua eta talentu handikoa», zioten aipaturiko idazki horretan.
Norbanakoentzat suposatzen duenaz gain, Sakanari begira Sunsundegui ixteak «enpresa nagusia» kenduko lioke bailarari, bai kopuru aldetik, baita enplegua sortzeko gaitasunari dagokionez ere.
Gauzak horrela, «azken unera arte borroka egiteko» konpromisoa agertu zuten langileek eta horixe bera eskatu zioten Altsasuko Udalari. «Atzerako kontuan garela» jakitun, «premiazko konponbide» bat eskatu zuten langileek, enpresak ateak itxi ez ditzan. «Denbora gure aurka doa», azpimarratu zuten.
BSHK BIHAR BILERA
Bestalde, BSH enpresak Ezkirotzen duen lantegiko langile-batzordeko kideek bilera bana egingo dute bihar Madrilen, Lan eta Industria Ministerioen egoitzetan, multinazionalak ekainerako iragarritako lantegiaren itxierarentzako balizko alternatibak aztertzeko. Lantegia itxita 700 pertsona inguru geratuko dira lanik gabe.
Langile-batzordeko presidente Juanjo Hermoso de Mendozak salatu zuenez, BSHk lantegia ixteko asmoa iragarri zuenetik lau hilabete igaro direnean, BSHk betoa jartzen dio sindikatuak Nafarroako Gobernuarekin egiten ari diren bileretan egoteari. «Lau hilabete daramatzagu beto batekin eta BSHk elkarrizketa iraunkorra baztertzen», adierazi zuen. Langile-batzordeak esan zuenez, helburu argia du: «Elkarrizketarako espazio hori ezartzea», multinazionalaren epeak malgutzen saiatzeko eta jarduerari eusteko, «ziurtasun eta berme osoz» etorkizuna eman diezaiekeen industria-proposamen bat iristen den bitartean.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
