XOLE ARAMENDI
IRUÑEA

«Azal arrastoak», Keixetaren lan berria Apaindun

Txiki Agirre “Keixeta”-k “Azal arrastoak” erakusketa ireki du Iruñeko Apaindu arte- espazioan. “Azalaren mamia” izeneko aurreko erakusketan abiatutako bidean sakondu nahi izan du sortzaileak. Haurren naturaltasunera hurbildu nahian, jestualtasunaren bila dabil artista. «Azkartasuna eta makaltasuna, biak, daude presente eta eragina dute obraren bukaeran», adierazi du.

Txiki Agirre «Keixeta», Iruñean ireki duen erakusketan.
Txiki Agirre «Keixeta», Iruñean ireki duen erakusketan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

 

“Azalaren mamia” erakusketa izan zuen ikusgai Zumaiako Oxford aretoan iazko abuztuan Txiki Agirre “Keixeta”-k (Arroa, 1963). Han irekitako bideari jarraiki ondu ditu lan berriak. «Haren ondorena eta ondorioa da, biak», argitu du.

“Azal arrastoak” izenburupean aurkeztu ditu, labetik atera berri. Iruñeko Apaindu galerian jarri du ikusgai apirilaren 30era arte. Espaziorako propio sortu ditu artelanak. «Tokiak berak nortasun handia du eta zailtasunak ematen ditu obra kokatzeko orduan, baina gustura geratu naiz emaitzarekin», kontatu du.

Artistaren barnean elkarrekin bizi diren pinturak eta eskulturak, eskuz ontzen ari denean elkarbizitzen jarraitzen dute; lan-estudioan, lehenik, erakusgelan ondoren. Espazioaren eta denboraren gainean lanean aritu ohi da sortzailea. Keixetaren kasuan artelanaren sortze prozesuak eskatzen dion denbora-tartea dago, batetik, eta artelanak egitean artistak berak bizi duen denbora, bestetik. «Nik bizi dudana sortze prozesuak irauten duen bitartean, nik bizi dudana inguruan gertatzen denarekin», zehaztu du.

ESPAZIOA ETA DENBORA

Espazioari dagokionez, obra eta eskultorea bera kokatuta dauden lekua dago, batetik. Pintura edo buztina erabiltzen duen, formatu handia ala txikia den… eragina du. «Obrak handiak direnean, asmatutako espazioa sortzen dut, ikusleak bizitzea nahi nukeena. Sarritan lotuta dago nik bizi dudan espazio fisikoari. Zumaian [bertan du bizilekua] edo flysh-ak edo denborak landutako itsas ondoko harriak dira inspirazio iturria». Denboraren joanaren gaineko hausnarketa da azken ekoizpen artistikoaren funtsa. «Azaleko orbainek edo zimurrek denboraren joana islatzen dute. Bizipenak… gauza asko, liburu bat bezalakoak dira. Nire obran marrak bihurtu ditut. Batetik, badute arrasto biologikotik eta baita geologikotik ere; horregatik diot kokatzen naizen tokiak asko esaten duela. Eskulturetan agertzen diren marra horizontalek zerikusia dute flysch-arekin. Haiek ere liburu irekia dira, marra bertikal bakoitzak denbora bat markatzen du, garai bat eta historia batzuk. Tornuan agertzen diren marra horizontalak, nahiz ondoren aurpegia edo zerbait figuratiboa egin, atzaparrek uzten duten marka edo arrastoak hortxe uztea, denbora ere horiek markatzen dutelako», esan du.

«Pinturak espazioan dauden elementuak dira, airean edo ur azpian egon daitezkeenak. Buztinak ez bezala, neurri handiagoan lan egiteko aukera eskaintzen didate. Eta bukaeran marrak egin dizkiet gainean, arrastoak irudikatzen dituztenak. Ondorioz, lotura zuzena dago eskultura eta pinturaren artean», jarraitu du.

Lau koadro txiki, bi handi; denera sei margo aurkituko ditu bisitariak Apaindu galerian. Horien ondoan, 15 zeramika pieza, neurri ezberdinetakoak.

BIDEAREN GARRANTZIA

Hamarkada luzeetako eskarmentuak hala erakutsi dio: azken emaitza bezain garrantzitsua da prozesua. «Garai batean bukaera izaten zen inportantea eta bukatu ondoren obra begiratzeak berak elikatzen ninduen. Baina prozesuan gertatzen direnak batzuetan askoz garrantzitsuagoak direla ohartu naiz», aitortu du.

“Azalaren mamia” erakusketako hiruzpalau lan txikik eman zioten bidea Keixetari. «Baldosa gainean prozesu berezi batekin egindako marrazkiak ziren».

Denbora luzea eskatzen du baldosa bera prestatzeak, eta bukaeran egiten ditudan hiru marrak, aldiz, oso azkar datoz. Jestualtasuna maite du Keixetak. «Azken une horretan ez dago pentsatzeko aukerarik; beraz, benetan barruan duzuna ateratzen da. Ez dago ezer ezkutatzeko aukerarik, ezta atzera-bueltarik ere. Uste dut askoz aberatsagoak direla, denbora luzean landutako obrak baino.

AZKARTASUNA

eta makaltasuna, biak, daude presente eta eragina dute obraren bukaeran», esan du margolari eta eskultoreak.

AURREJUZGURIK EZ

Noski, bizkortasunez lan egiteko teknika ondo menperatu behar. «Bai, eta aurreiritzi asko kendu beharra dago. Umeen azkartasunaren bila ibiltzen naiz; haiek ez daukate aurrejuzgurik. Sobran dauden elementuak eta norberak dituen aurreiritziak kendu egin behar dira», esan du.

Bere sorkuntzaren garapenaz galdetuta, hauxe Keixetaren erantzuna: «Artegintzan saltoez jabetzeko denbora luzea behar da. Urtebeteko epean prozesua makal doa; beti aberasten, noski. Egilea bera dela eta aurrekoarekin loturak dituela ikusiko du, baina salto handirik ez».

Datorren udazkenerako baditu erakusketa berriak hitzartuta -«aurrerago iragarriko ditut»-, «beraz, orain eta, batez ere, udan lan egin beharko dugu», esan du Txiki Agirre “Keixeta”-k agurtzeko unea ailegatu denean.