Palestinako haurrak, genozidioaren ertz gordina
Ahmed Manasra palestinarra kalean da behingoz. 13 urterekin atxilotu zuten, eta ia hamarkada bat pasatu du kartzelan, nahiz eta epaitegiek errugabea zela ebatzi zuten. Atxilotzerakoan bere lehengusua tiroz hil zuten eta Manasra zauritu egin zuten. Kartzelan, berriz, baldintza makurrak jasan ditu: torturak, bi urteko isolamendua, tratu txarrak... Horrek trastorno psikiatriko larriak eragin dizkio. Kartzelatik aurreko astean irten ondoren, atzo arte etxeko atxiloaldian izan dute.
Manasrarena muturreko kasua izanagatik ere, zoritxarrez, ez da bakarra. Izan ere, Palestinako haur eta gazteak dira genozidioaren aurpegi gordinenetako bat. Datuak beldurtzekoak dira. Unicefen arabera, Israelek su etena lehertu zuenetik, egunero adin txikiko 100 palestinar baino gehiago hil edo zauritzen dituzte. Preso palestinarren batzordearen arabera, 2023ko urriaren 7tik 2.000tik gora haur palestinar atxilotu dituzte, eta horietako 350 Israelgo espetxeetan daude. Erakundeak salatu duenez, «tortura, gosea eta delitu medikuak» jasaten dituzte, besteak beste. Horren ondorioz, Walid Ahmed presoa hil zen martxoan, 17 urte zituela. Badaude bestelako arrazoiengatik hiltzen ari direnak ere: ur edangarriaren eta elikagaien eskasia, transfusioak egiteko odol falta... Edo zuzenean, bonbardatuta edo tiroa jota: aurreko astean bertan 14 urteko gazte bat tiroz hil zuen Israelgo Armadak, Zisjordanian, zer eta ‘Haur Palestinarren Egunean’.
Ia denek irakurri edota ikusi dute “Pijama marradunaz jantzitako mutikoa” filma edo liburua. Horren bidez, Auschwitzen zeuden haur horien azalean jarri eta honako galdera egiten da: testuinguru horretan zer egingo genuke? Gehienek, adorez, egoera horri aurre egingo lioketela erantzuten dute. Bada, antzeko ataka bizitzen ari gara gaur egun. Palestinako genozidioa zuzenean jarraitzen ari gara, bai eta milaka haurren sumina ere. Kasu honetan, interpelazioa, hipotetikoa beharrean, oso zuzena da: zer egingo dugu horren aurrean? Marina Garcesek esaten duen bezala, nahi ala ez konpromisoan jarrita gaude, eta ezin diogu erantzukizunari iskin egin; hau da, erantzuteko eginkizuna dugu.

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
