«Maldan beste kanpaleku bat altxatzeko garaia da»
EH Bildu eta EH Bairen esanetan, Aberri Eguna «burujabetzaren bidean hurrengo urratsa egiteko txanpa izatea nahi genuke». «Maldan beste kanpaleku bat altxatzeko garaia da», esan dute.

EH Bilduk eta EH Baik adierazpen bateratu bat argitaratu zuten atzo, Aberri Egunaren harira. Burujabetzaren beharra aldarrikatu dute «une korapilatsu honetan», eta igandean ospatuko den Aberri Eguna «burujabetzaren bidean hurrengo urratsa egiteko txanpa izatea» espero dutela adierazi zuten: «Eutsi diogu, gure herriak bizirik dirau, eta maldan beste kanpalekua bat altxatzeko garaia da».
«Halaber, Aberri Eguna herri gisa saioak egiteko marko egokia dela uste dugu. Izan ere, Aberri Eguna euskal herritar guztien eguna baita», esan zuten, Aberri Eguna «indarberritzeko momentua» dela azalduz: «Elkarrekin partekatzen dugun festa giroa konpromiso militantearen erregai bilakatzen da».
Indar subiranistek «akordio zabalaren beharra» defendatu zuten. «Lehenik eta behin, EH Bairen eta EH Bilduren barnean, fronte zabalak bilatzeko ahalegin horretan segituz. Bigarrenik, abertzaleen artean, herri gisa aritzeko konpromiso zehatzak hartuz. Hirugarrenik, indar abertzale eta aurrerakoien artean, betiere gure herriarekiko errespetuan oinarrituz. Azkenik, eta garrantzitsua dena, herritarren artean. Izan ere, konfiantza osoa dugu gure herriaren gaitasunetan, behin eta berriz erakutsi baitu eusteko era berrasmatzeko gaitasuna izan baduela».
HERRI GISA ARITZEA
Munduko egoeraz den bezainbatean, gaur egungo testuingurua «aldakorra eta arriskuz beterikoa» dela esan zuten: «Krisi klimatikoak, gerra hotsak, aurreikusten den krisi ekonomiko larriak eta migrazio krisiek herri gisa aritzea ezinbestekoa egiten dute»; eta «nazioek, Estaturik gabeko nazioek, herriek, herritarrek, eta, bereziki, ezkerreko mugimenduek segurtasunez hitz egin eta gure eredua planteatu behar dugu testuinguru honetan».
«Hartara, segurtasuna modu integralean ulertzen dugu, non defentsarena atal bat baino ez den. Zerbitzu publikoak unibertsalak, doakoak eta kalitatezkoak izatea da segurtasuna. Lan baldintza eta soldata duinak izatea da segurtasuna. Gure herriari dagozkion erabaki guztiak hartzeko eskumena eduki eta horiexek errespetatuak izatea da segurtasuna», adierazi zuten EH Bilduk eta EH Baik.
Argi utzi nahi izan zuten bi indarrek «Euskal Herrian eta bere burujabetzan, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidean, euskararen eta ongizatearen defentsan sinesten duten indar sozial, ekonomiko eta kultural guztien erantzukizun partekaturako garaia» dela hau.

Reconocidos otros siete torturados por la Policía y la Guardia Civil

PNV y PSE aprueban una ley que apela a su artículo 145 y tiene solo 7

El servicio de ambulancias de Osakidetza, de camino a urgencias

Peixoto, euskararen eskutik abertzaletu zen betiereko militantea
