MARTXELO DIAZ
DONOSTIA

George Orwellek Parisen eta Londresen bizitako miseriak

George Orwellek idatzi zuen lehen liburua euskaratu du Rafa Santxiz-Muxikak. Bertan, 1930eko hamarkadan Parisen eta Londresen miserian bizi zirenen egunerokoak kontatzen dira. «1984» liburuan bezala, ia mende bat geroago egoera ez da aldatu edo okerrera egin du.

Rafa Santxiz-Muxika, Orwellen lanaren itzulpenarekin, Donostian.
Rafa Santxiz-Muxika, Orwellen lanaren itzulpenarekin, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

George Orwellen bi lan zeuden euskaraturik orain arte. Juan Martin Elexpuruk itzulitako ‘‘Abereen etxaldea’’ eta Oskar Aranaren ‘‘1984’’. Hirugarrena da ‘‘Lur jota Parisen eta Londresen’’ eta Rafa Santxiz-Muxikak plazaratu du, Igela argitaletxearekin. Orwellen lehen liburua da, 1933an argitaraturikoa, eta ez da fikzioa; Paris eta Londreseko kale txiroenetan bizi izan zen gosea, gabezia, esplotazioa eta zapalkuntza islatzen ditu. Inazio Mujika Iraola editoreak nabarmendu zuenez, lan honetan dagoeneko ikusten da Orwell idazlearen izaera konprometitua. Urte batzuk geroago jo zuen Bartzelonara frankismoaren (eta estalinismoaren) kontra borrokatzera POUM troskistarekin lerrokatuta, eta euskaratu gabeko ‘‘Homage to Catalonia’’ idatzi zuen.

Paisaia baino paisanajea islatzen du Orwellek ‘‘Lur jota Parisen eta Londresen’’, Mujika Iraolak azaldu zuenez. Izan ere, etxerik gabekoen eguneroko bizimodua jasotzen du. Idazlea pobrezian murgildutakoetako bat zen, eta bere bizipenak agertzen dira, hein handi batean, liburuan. Horrez gain, jatorri desberdinetako jendea azaltzen da: irlandarrak, Londreseko cockney-ak, asiarrak, paristarrak, erbesteratutako tsarista errusiarrak... Slang delako kale hizkeran aritzen dira kalean bizi diren pertsonaia horiek. Esamolde horiek euskaratzea Santxiz-Muxikarentzat erronka izan da. «Adibidez, irlandarrak bereiztearren (eta jatorrizkoan nabarmen bereizita daude) hitano mota batez aritzen dira, eta frantses batzuk, beste euskalki kutsu batez. Batzuetan zuka eta besteetan hika, narrazioaren arabera eta giza-maila arrakalaren adierazgarri», azaldu zuen.

Valladolideko Unibertsitatean Ingeles Filologia ikasten ari zela ezagutu zituen Santxiz-Muxikak Orwellen liburua eta Orwell bera. «Berehala kateatu ninduen», onartu zuen itzultzaileak. Francisco Franco hilberria zela-eta «Orwellen sokakoak ez ziren katedratikoek» gisa horretako liburua irakurrarazteak harritu zuen. Bide batez, lana euskaratzeko asmoa piztu zion. Aurkezpenean azaldu zuenez, urteak eman ditu horretan eta jubilatu ondoren amaitu du. «Beti saiatu naiz Orwellek kontatu nahi zuena euskara xalo eta irakurterraz batera ekartzen, Orwellen idazkera jori eta soil bezalako batera», esan zuen.

«SEN PROFETIKOA»

Orwellek «sen profetikoa» zuela gaineratu zuen Santxiz-Muxikak. «Abisu zorrotza egiten du lan honetan eta beste batzuetan. Eta, zoritxarrez, betetzen ari da esandakoa, ia ehun urte joan badira ere». Euskaratzeko lana hartu zuenean, gaia zaharkituta gelditu izanaren beldur zen. Baina jorratzen diren gaiak gaurkotasun osokoak dira: etxerik gabekoen miseria, bazterkeria egoeran bizi diren ahaleginak egunerokoari aurre egiteko... «‘Lur jota Parisen eta Londresen’-en deskribatzen duen miseria inguruan daukagu gaur egun ere», azpimarratu zuen.

Horrez gain, autoritarismoaren gorakada ere jorratzen da. «Kolore guztietako diktadore, supremazista, ultraliberal eta enparau totalitaristek manual bat daukate gero eta gaurkoagoa den Orwellen distopia literarioan: fake news (hizketaberria), pentsamendu bikoitza, memoriaren ezabaketa edo berridazketa, proleak (woke), pentsamendu-krimena, legediaren ezabaketa... gerra da bakea, askatasuna da esklabotza, ezjakintasuna da indarra. Orwellek giza arimaren argia eta iluna ondo asko erretratatu zituen bere narratiba sozialean», azaldu zuen.