70 URTETIK HONAKO LISKARRA

Bi herrialdeek, eta batez ere aurkariek, harreman gatazkatsuak dituzte 1947an Britainia Handiko metropoliak Indien Zatiketa erabaki eta independentzia lortu zutenetik. Ordutik hona hainbat guda izan dute eta tentsioa ez da inoiz baretu.

Eraso baten aurreko simulazioa, Indian.
Eraso baten aurreko simulazioa, Indian. (Indranil MUKHERJEE | AFP)

1947

Zatiketa odoltsua • 1947ko abuztuaren 14tik 15erako gauean, Lord Louis Mountbatten Indietako erregeordeak bi mendeko britainiar aginteari amaiera eman zion. Kolonia ohia bi estatutan banatu zuen: India (gehiengo hindua) eta Pakistan (gehiengo musulmana).

Zatiketa hark bien arteko garbiketa etnikoa bultzatu zuen. 15 milioi pertsona inguruk ihes egin zuten: musulmanek, Pakistango lurraldera, eta hinduek eta sikhek, kontrako norabidean. Milioi bat biktima eragin zituzten istilu eta sarraskiek (beste iturri batzuen arabera, 3 milioi).

Gehiengo musulmana duen Kaxmir Indiaren kontrolpean geratu zen eta 1947ko udazkenean lehen gerra piztu zen. NBEren 1948ko ebazpen batek autodeterminazio erreferenduma aurreikusten du, baina New Delhik inoiz ez du onartu.

1949ko urtarrilaren 1ean su-etena aldarrikatu zen Kaxmir bi zatitan banatzen duen 770 kilometroko «kontrol lerro» batean zehar: %37 Pakistanera itzuli zen (Azad-Kaxmir) eta %63k Indiaren esku jarraitu zuen (Jammu eta Kaxmir estatua).

1965-71

Guda berriak • 1965eko udan Indiako Kaxmirren mila gerrillari sartu ziren, Pakistanen laguntzarekin, bigarren gerra eraginez. Milaka hildako eragin zituen bi aldeetan, sobietarrei esker amaitu zen arte. 1971n, Pakistanek tropak bidali zituen bere lurraldearen ekialdera, Ekialdeko Bengalara, independentisten aurka. Indiako Armadak esku hartu eta gerrak eztanda egin zuen. Ia hiru milioi hildako eta 9 hilabeteren ondoren, Bangladeshek independentzia aldarrikatu zuen.

1989

matxinada • Kaxmirren independentzia edo Pakistanen sartzea eskatzen zuten matxinatuek Indiako Armada okupatzaileari erasotzeari ekin zioten. Matxinoen jomugan zeudenez, milaka hinduk ihes egin zuten. New Delhik matxinatuak finantzatzea eta trebatzea egotzi zion Islamabadi.

Borrokak gaur arte dozenaka mila hildako eragin dituzte, militarrak, errebeldeak eta zibilak.

1998-99

Kargilgo gatazka • 5.000 metroko altueran dagoen Siachen glaziarraren kontrola hartzeko erasoaldia leporatu zien Indiak Pakistani eta matxinoei. Borroka gogorrek milatik gora hildako eragin zituzten, batez ere Kargil eskualdean.

2001eko urriaren 1ean, Indiako Kaxmirko Eskualdeko Batzarraren aurrean atentatu batek 38 hildako utzi zituen Srinagarren. Indiak Pakistani leporatu zion errua.

2002ko udaberrian laugarren gerraren atarian zeuden. Hala ere, bi aurkariek lotura diplomatikoak berreskuratu zituzten 2003ko apirilean, eta su-etena adostu zuten.

2008-19

Atentatuak eta tirabirak • 2008an, atentatu jihadista batzuek 166 pertsona hil zituzten Bombayn eta Indiak eten egin zuen lau urte lehenago hasitako bake prozesua.

Elkarrizketa 2011n berrabiatu zuten. Narendra Modi Indiako lehen ministroak Pakistanera bisita egin zuen 2015eko abenduan.

2019an Indiak aire erasoak egin zituen Pakistanen aurka, Pulwaman (Kaxmir indiarra) 40 paramilitar eraso batean hil ondoren. Pakistanek Indiako hegazkin bat botaz erantzun zuen.

New Delhiko gobernu hindu-zaleak abuztuan ezeztatu zuen eskualdearen erdi-autonomia estatusa.