GAIZKA IZAGIRRE
DONOSTIA
Entrevue
Xumar Altzugarai
Pantailak Euskaraz

«Zinemetan euskaraz deus ez egotea ez da normala; salatu beharra dago»

Pantailaldia ospatzen ari da egunotan. Pantailetan ere euskaraz bizitzea izango da erronka; pantailen munduan euskarak dituen gabeziak agerian utziz, erakundeak euskararen aldeko pausoak ematera gonbidatzea ere bai. Pantailak Euskaraz-eko Xumar Altzugaraik (Lesaka, 1985) ekimenaren gakoak aletu dizkigu.

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Pantailak Euskaraz herri ekimenak euskarazko ikus-entzunezko edukiak sustatzeko antolaturiko aktibazio sozialerako ariketaren II. edizioa maiatzaren 6an hasi zen eta 15era arte luzatuko da.

2022an ospaturiko lehen edizioan 500 herritarrek izena eman zuten. Haren ondoren egindako ikerketak erakutsi zuen horietatik %77k euskarazko baliabide berriak ezagutu zituela eta %64k edukiak sortu eta kontsumitzean zituen hizkuntza ohiturak aldatzeko balio izan zuela. Zein izango da, beraz, aurtengo erronka?

Aurtengo erronka aldaketa horretan sakontzea izango da. Iruditzen zaigu oraindik ere jende anitz dagoela uste duena plataformetan edota sare sozialetan ez dagoela euskarazko edukirik, leku horiek ez direla euskararenak. Baina zorionez gauzak iraultzen ari gara poliki-poliki, eta gaur egun eskaintza handia dago euskaraz Netflix, PrimeVideo, Filmin edo Max bezalako plataformetan. Sare sozialetan ere eduki sortzaile gero eta gehiago ari da euskaraz edukiak sortzen.

Lehenengo Pantailaldia egin zenutenean, aipatzen dituzun plataformetan eduki gutxi batzuk zeuden euskaraz. Egun, Netflixen 262 izenburu daude euskarazko audio zein azpidatziekin, Prime Videon 267, Filminen 312 eta Maxen 51. Baliabideek inoiz baino gehiago diruditen honetan, zein da egitasmoaren helburu nagusia?

Bi helburu nagusi ditugu. Azken bi urteetan izugarri emendatu da plataformetako euskarazko eskaintza, eta Pantailaldiaren helburuetako bat da jendeari eduki horiek guztiak hor daudela ezagutaraztea, astero eduki berriak iristen direla eta badugula ardura indibidual eta kolektibo bat eduki horiek kontsumitzeko. Plataformek ikusi behar dute euskaratzen dituzten eduki horiek jendeak ikusi egiten dituela. Sorgin gurpil bat da: zenbat eta jende gehiagok ikusi euskarazko edukiak, orduan eta eduki gehiago izango ditugu plataformetan. Dena den, ezin dugu ardura guztia norbanakoengan utzi, eta Pantailaldiaren bigarren helburua erakundeak interpelatzea da, ardura handiena haiek baitute. Uste dugu erakunde publikoek egun egiten dutena baino askoz gehiago egin beharko luketela euskara pantailetan indartzeko, euskararen erabileran eta biziberritzean pantailak estrategikoak direla iruditzen zaigulako. Erakundeei berriz ere dei egiten diegu politika eta finantzaketa ausartak martxan jar ditzaten ikus-entzunezkoetan euskara sustatzeko, Katalunian egiten duten bezala, adibidez.

Zein dira une honetan gabeziarik handienak?

Gabeziarik handiena gaur egun zinema aretoetan daukagu. Duela hilabete batzuk aurkeztu genituen 2024. urteko datuak, eta oso kezkagarriak dira. Euskal Herriko zinema-aretoetan emanaldien %1 bakarrik izan zen euskaraz. Egoera hori onartezina da hizkuntza bat normalizatu eta biziberritu nahi den herri batean. Erakundeei behin eta berriro eskatu diegu zinemetan euskararen aldeko politika sendoak martxan jartzeko, baina oraingoz ez ditugu nahiko genituzkeen emaitzak ikusten.

Bestalde, bideojokoen alorrean ere gabezia handia dago. Katalunian Generalitatea harremanetan dago Playstation, Xbox eta antzeko kontsoletara katalan gehiago iristeko, eta uste dugu Euskal Herrian ere erakundeek lanketa bat egin behar luketela bideojokoetara euskara gehiago iristeko.

Maiatzaren 10ean protestarako deialdia ere egin duzue; egun horretan herriko zinemetan euskarazko eskaintzarik ez badago, euskararentelefonoa.eus webgunearen bidez salaketa jartzeko deia egin duzue.

Pantailaldian berriro animatu nahi dugu jendea zinemetan euskarazko eskaintzarik ez badago, euskararentelefonoa.eus helbidean salaketa jartzeko. Barneratu egin dugu normala dela euskaraz deus ez egotea zinemetan, baina egoera honek ez du normaletik, eta, beraz, salatzen jarraitu behar dugu. Eskubide bati buruz ari gara, ez dezagun ahaztu.

2021eko abenduan, Pantailak Euskaraz-ek manifestu bat zabaldu zuen, euskalgintzako, hezkuntzako eta ikus-entzunezkoetako berrogei eragileren babesarekin, eta euskarazko Vod plataforma bat sortzea zen eskaeretako bat. Iritsi zen Primeran, helduentzat eta Makusi haurrentzat. Behar bezala elikatzen al dira plataforma horiek? Garrantzitsuak bihurtu dira?

Makusiren kasuan iruditzen zaigu lan handia egiten ari direla haurrei euskarazko eduki erakargarriak eskaintzeko, eta oso pozgarria da “Txakur Patruila”, “Ladybug”, “Dragoi Bola”, “One Piece”, “Irabazi arte” eta antzeko edukiak euskaraz eta doan eskaintzea plataformak. Primeranen kasuan uste dugu oraindik lana dagoela egiteko. Duela urte batzuk Euskal Telebistak euskaraz bikoiztuta ematen zituen nazioarteko film eta telesail arrakastatsuak, baina gaur egun Primeranek ez du horrelakorik eskaintzen. EITBk berriro heldu beharko lioke nazioarteko puntako edukiak euskaraz bikoiztu edo azpititulatuta eskaintzeari, gaur egun Primeranen katalogoa ez delako hagitz erakargarria. Aurrerapausoak eman dira, baina bidea geratzen da oraindik.

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak orain gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, Euskal Herrian euskarazko ikus-entzunezko edukiek presentzia oso urria dute gazteen eta haurren artean. Zure ustez, zein izan liteke egoera hori iraultzeko bidea?

Arestian aipatu dudan bezala, jende anitzek pentsatzen du oraindik plataforma edota sare sozialak ez direla euskararen lekua, eta UEMAren ikerketa horrek argi utzi zuen horixe bera. Aurrerapausoak ematen ari gara, baina oraindik lan handia dugu egiteko. Hemen ere arduraren zati handiena erakundeek dutela errango nuke, eta beraiei euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko politika sendoak eskatzen jarraitu beharko dugu, zalantzarik gabe.