GARA
FUTBOLA - EUSKAL DERBIA SAN MAMESEN

Hurbil dauden helburuak eskurago jarri nahi dituzte Athleticek eta Alavesek

Zuri-gorriek ongi bideratuta dute Txapeldunen Ligarako sailkapena, eta arabarrek ere badute koltxoi bat jaitsiera postuekiko, baina gaurko derbiaren emaitzak azken jardunaldietan lasai edo larri ibiltzea suposatuko du. Baliteke Sancet berragertzea.

Lehen itzuliko partidan, Mendizorrotzan, 1-1 berdindu zuten.
Lehen itzuliko partidan, Mendizorrotzan, 1-1 berdindu zuten. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Athleticek eta Alavesek beste aukera bat dute beren helburuetara gerturatzeko gaur 18.30ean San Mamesen jokatuko duten euskal derbian. Talde bilbotarrak laugarren postua sendotu nahi du Villa-rrealen (atzo 0-1 irabazi zuen Gironan) eta Betisen setioari aurre egin eta datorren denboraldian Txapeldunen Liga jokatzea ziurtatzeko; gasteiztarrek jaitsiera postuetatik urrundu nahi dute, ostiralean Las Palmasek izandako porrota baliatuz. Hala ere, aurreratu daiteke, hiru jardunaldiren faltan, ez dela ezer erabakita geratuko. Bi euskal taldeek lanean jarraitu beharko dute.

Athletici dagokionez, zuri-gorrien lehen eginbeharra ostegunean Old Trafforden bizitako guztia ahaztu eta berriz ere Ligan zentratzea izango da. Ernesto Valverderen taldeak, gainera, baja asko ditu: Iñaki eta Nico Williams, Oihan Sancet eta Beñat Prados min hartuta; Alex Berenguer eta Andoni Gorosabel zigortuta.

Europako finalerdietako partida garrantzitsua jokatu ezinik geratu ostean, Valverdek ia ezinezkotzat jo zuen bere prentsaurrekoan Williams anaiak gaur zelairatzeko moduan izatea. Ezta Lindelofek Manchesterren egindako sarrera gogorrak eragindako zauria osatzen ari den Prados ere. Aldiz, Sancetekin «esperantzaren bat» baduela aurreratu zuen entrenatzaileak.

Baja horiek konfirmatzen badira, Valverdek ez luke titularretako bat bera ere izango hiru punta-erdiko lerroan, ezta lehen erreleboa ere. Alvaro Djalo eta Unai Gomez bezalako futbolariek protagonismoa har dezakete, baita lehen taldearekin lanean dabiltzan zenbait gaztek ere, Aingeru Olabarrieta, Iker Varela, Alejandro Rego eta Peio Canales.

ALAVES, BEREARI EUTSIZ

Alavesek beste buruhauste batzuk ditu, baina lesioekin ez du arazo handirik. Abdel Abqar marokoarrarena da baja bakarra. Atzelariak ez ditu azken neurketak jokatu, giharretako haustura baten ondorioz, baina Facundo Garces argentinarrak ongi ordezkatu du. Horregatik, Eduardo Coudet entrenatzaileak ez du asko aldatuko azken partidetan txukun aritu den taldea.

Arabarrek itxura ona eman dute batez ere etxetik kanpo, Gasteiztik urrun jokatutako azken bederatzi partidetan porrot bakarra jaso baitute. Hori bai, beste aldeko estatistikak ere badira: Liga txapelketan behin bakarrik irabazi dute babazorroek San Mamesen, duela hogei urte!

Ezustekorik ezean, zaleek buruz ikasia duten hamaikakoa aterako du Coudetek: Sivera atepean; Tenaglia, Mouriño, Garces eta Manu Sanchez atzean; Blanco eta Guevara euskarri lanetan; Vicente, Aleña eta Guridi erasoa antolatzen; eta Kike Garcia aurrelari moduan.



Beste zezen bati bisita, ilusioari eutsi nahirik

Osasunak itxiko du 35. jardunaldia, 21.00etan, Betisen aurka Benito Villamarin futbol zelaian. Aurreko astean Villarreali egindako bisitan adarkada handi samarra jaso ostean, gaur beste zezen bat izango du aurkari: esne mamitan dabilen eta Conference League-ko finalera sailkatu berri den Betis berpiztua.

Vicente Morenok min hartuta dagoen Jon Moncayolaren baja izango du, nahiz eta entrenatzaileak ez duen asko aldatuko emaitza nahiko ona eman dion bere planteamendua, bost atzelariko lerroa osatuz. Gainera, Catena ere deialdira itzuli da.

Aurrean zalantza nagusia Bryan Zaragozaren parte hartzea izan daiteke. Hegaleko jokalariak bere arazo fisikoak atzean utzi ditu behingoz, baina badirudi ez dagoela bere mailarik onenean. Hala ere, Vicente Morenok Ligako azken txanpa honetan jokalari «garrantzitsua» izatea espero du.

Seinale ona litzateke, Osasunak oraindik aukera baduelako Europan sartzeko, eta, entrenatzaile valentziarrak onartu duenez, aukerak dauden bitartean «horiei heldu» behar zaie, eta horretarako jokalariak «estutzen» jarraitzen du.

Morenok argi du, «liga amaitzen ari den heinean, tarte gutxiago geratzen dela» goikoei tartea jateko, baina Sevillan gertatzen dena gertatzen dela ere, haren ustez etxean dituzten hurrengo bi partidek (Atletico eta Espanyol) «esango dute aukerekin iritsiko garen azken irteerara».GARA