Arabako nortasun gastronomikoa konpromisotik birpentsatzen
ArabaK0, lurralde horretako hainbat jatetxetako sukaldariek osatutako kolektiboa, atzo aurkeztu zuten Gasteizko Abastos merkatuan, ideia baten inguruan: gastronomia sukaldean prestatzen den hori ez ezik, «lurrarekiko, kulturarekiko eta jendearekiko loturan oinarritutako zerbait» ere bada. Askotariko sentsibilitateak eta proiektuak biltzeko asmoz, ekoizleei protagonismoa emanda eta bertan egindakotik abiatuta, mundura zabalik daude.

ArabaK0. Kolektiboa, kilometro 0. Atzo aurkeztu zuten Gasteizko Abastos merkatuan hogeiren bat sukaldarik osatzen duten kolektibo hori, ideia baten inguruan sortua: gastronomia sukaldean prestatzen den hori ez ezik, «lurrarekiko, kulturarekiko eta jendearekiko loturan oinarritutako zerbait» ere bada. Gastronomia errotua aldarrikatzen dute, baina mundura zabalik dagoena.
Aurkezpenean ArabaK0 kolektiboko kide guztiak izan dira; haiekin, Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredo, Mantalako koordinatzaile Imanol Zubelzu eta Basque Cullinary Centerreko zuzendari Jose Mari Aizega.
Hain zuzen ere, Basque Culinary Centerrek eta Gasteizko Gobernuak sortutako Mantala Basque Gastronomyk antolatu zuen aurkezpena, eta haren koordinatzaile Imanol Zubelzuk esan zuenez, «Arabako nortasun gastronomikoa birpentsatzeko» sortu da ArabaK0, eta lurraldearekiko konpromisoa azpimarratu du. Halaber, askotariko sentsibilitateak eta proiektuak biltzeko asmoa dutela esan zuen, egindakotik abiatuta.
BERRITZAILEAK, NONDIK DATOZEN JAKINDA
Izan ere, Aitor Etxenikek esan zuenez, jende gaztea da, berritzeko eta sortzeko gogoa duena, baina «nondik gatozen kontziente» izan behar dute, norantz doazen jakiteko. Kolektiboaren lerro estrategikoei dagokienez, esan zuen ekoizleak izango direla benetako protagonistak.
Konpromisoak markatuko du sare horren lan ildoa, zero zabor gastronomian oinarritua: jasangarritasuna, jakirik ez xahutzea, ingurumen inpaktua murrizteko ahalegina. Beste alde batetik, bertako produktuen eta Arabako ardoaren defentsa funtsezkoa dute. Berrikuntzaren aldekoak dira, erroekiko lotura galdu gabe, eta elkarlanaren aldekoak, elkarrengandik ikasiz.
Espazio ireki, partekatu eta sortzailea da, Edorta Lamok nabarmendu zuenez, lurrarekin eta kulturarekin lotura duena. Ondare kulturala mantentzea izango da euren arduretako bat, iraunkortasunari eutsiz eta sasoiari bere garrantzia emanez eta ekoizleekiko harremanak zainduz.
Belen Sandrin kolektiboko kideak, abegikortasuna aipatu zuen, bezeroekiko harremanak eta baita beste kultura batzuekikoak ere, «gure erroetan txertatzeko».
LEHEN PAUSOA
Lehen pauso gisa aurkeztu du Maria Laskibarrek ArabaK0. Haren ustez, garapen gastronomiko eta turistikorako lehen pausoa izan zen aurkezpena, Arabako sukaldaritzari ikusgaitasun handiagoa emango diona eta, gogorarazi zuenez, baldintza ezin hobeak daude horretarako: produktuak, bodegak... eta sinergia publiko-pribatua.
Abian da kolektiboa, eraikitze fasean baina gero eta partaide gehiagorekin eta beste sentsibilite eta kolektibo batzuetara zabalik. «Sarea ehuntzeko gogotik» sortu da, «elkarrengandik ikasteko grinatik eta Arabako gastronomia kultura mota bizi gisa ere azalduko duen kontakizun sendo bat eraikitzeko desiotik».
Jose Mari Aizega Basque Cullinary Centerreko zuzendariak esan zuen kolektibo honen atzean «pertsona konprometituak eta transformazio bokazioa duten pertsonak» daudela, eta sukaldarien belaunaldi berri baten ordezkaritzat jo zuen ArabaK0.
Amaia Barredo sailburuak kolektiboaren gaztetasuna azpimarratu zuen, gaztetasun hori, eskaintza eta jarduera bat baitatoz Araba, Bizkai eta Gipuzkoa gastronomiaren eta elikaduraren arloan garatzen ari diren «lidergo eta nazioarteko kokapenarekin».

El PNV cesa a tres ediles de Getxo imputados por el derribo del palacete

«A esta generación le toca poner las bases del Estado vasco»

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas
