GARA
BILBO

Euskalgintzak bat egin du Gure Eskuren ekaineko mobilizazioarekin

Euskalgintzako eta euskal kulturgintzako 144 norbanako eta taldek manifestua sinatu dute, atxikimendua adieraziz Gure Eskuk Bilbon ekainaren 7an “Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki” lelopean deitutako manifestazioari.

«Ez dugu gure herria irudikatzen euskararik eta euskal kulturarik gabe», diote atzo plazaratutako manifestuan, gehituta «euskararen normalizazioaren bideari oztopoak jartzen ari» zaizkiola, «hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak baliogabetzeko».

Horrela, euskara eta euskal kultura biziberritzea «premiazko urratsa» dela adierazten dute eta, horretarako, euskararen erabilera «indartu eta zabaldu» beharra dagoela, baieztatuta ezinbestekoa dela hizkuntza eskubideak bermatzeko hizkuntza politika eraginkorrak egiteko «erabakimen osoa» izatea: «Sormena, sortzaileak eta euskal kulturaren aberastasuna eta transmisioa sustatu eta babesteko tresna eta politika berriak behar ditugu».

Manifestua, besteak beste, Bengok, Itziar Ituñok, Pirritxek, Porrotxek, Marimototsek, Idurre Eskisabelek, Skabidean eta Gatibu taldeek eta Ane Urkirik sinatu dute.