Arnaitz GORRITI
BURUZ BURUKO TXAPELKETA

Altuna eta Lasoren «klasikorako», ordua iristea baino ez da falta

Ia bi asteko atsedenari esker belauneko arazoak gaindituta azaldu zen Donostiako Atano III pilotalekura atzo 28 urte bete zituen Unai Laso. Materialarekin pozik geratu ziren Jokin Altuna egungo txapelduna eta biak.

Unai Laso eta Altuna, materiala aukeratuta.
Unai Laso eta Altuna, materiala aukeratuta. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kazetaritza hizkerak «klasiko» etiketa ia zeinahi norgehiagokari jartzeko joera badu ere, ez dute oso urruti adjektibo hori Jokin Altuna eta Unai Laso elkarren aurka aritzen diren neurketek; are gehiago, neurketa Buruz Buruko Txapelketakoa denean. Iaz final-laurdenetan Lasok airean eraman zuen Amezketakoa, baina Altunak odolkiak ordainetan eman zizkion finalaren egunean. Hala, larunbateko finalerdietako hitzorduari begira, eguna eta ordua iristea besterik ez da falta Altunak eta Lasok bien arteko «klasiko» honen beste ekitaldi bat joka dezaten.

Atzoko Atano III.eko material aukeraketan ez zen aitzakiarik izan, ezta izango ere Unai Lasok belaunean dituen arazoengatik. «Belaunak ez dit agian nahi bezain gogor entrenatzen uzten, baina atsedenak laguntzen dit partidetan aritzeko eta, beraz, aitzakiarik gabe eta arazorik gabe jokatuko dut», adierazi zuen Bizkarreta-Gerendiaingo aurrelariak, hain zuzen 28 urte bete zituen egunean.

Jokin Altunak ere antzeko diskurtsoa erabili zuen. «Aspalditik ezagutzen dut Unai eta badakit ez dela gezurretan ibiltzen. Bakoitzak berea dauka eta badaki bakoitzak nongo mina duen. Hala ere, jokatzeko badago, Unai Lasorik onena espero dut finalerdietan», azaldu zuen aurrelari gipuzkoarrak.

SAKEAREN ABERIA

Buruz Buruko Txapelketak aurrera egin ahala, Unai Laso sakeaz egundoko mina ematen ari da eta bai Altunak, baita Lasok berak ere garrantzia eman zioten aurreneko jokaldi horri larunbateko finalerdiari begira.

«Saketik aberia handia egiten badaki Unaik. Ikusi bestela Artola handi honi nolako mina egin zion elkarren kontra jokatu zutenean! Iazko finalean hori moztea lortu nuen eta finalerdietan ere hortik jo nahi nuke: gogor egin bere sakearen aurka eta moztea. Binakakoan ez nuen finalerdirik jokatu eta egundoko ilusioa egiten dit berriz ere finalerdi batzuetan egoteak. Unairik onena espero dut, baina ni ere Buruz Burukoan momentu txar askoak pasata nator eta horri heltzen saiatuko naiz aurrera egiteko», luzatu zen Amezketakoa, Lasoren armarik garrantzitsuena mozteko gogotsu.

«Batzuetan hobeto sakatzen duzu besteetan baino, baina sakea sarritan izaten da partidako gakoa. Lehenengo tantotik kontzentratuta atera behar da hasieratik asmatzeko. Larunbatekoa oso partida gogorra izango da, baina baita oso polita ere. Baina horretarako ondo jokatu beharko da», gaineratu zuen, bestalde, Unai Lasok, Altunaren aurkako «klasikoa» noiz iritsiko zain.