Prebentzioaren ardura langileei egozten zaiela gaitzetsi du LABek
LABek CENi exijitu dio bertan behera utz dezala lan osasunaren prebentzioaren ardura langileei egozten dien kanpaina, «diru publikoarekin ordaindu dutena». Nafarroako Gobernuak «alderdikeriaz» jokatzeari utzi behar diola adierazi zuen atzo.

LAB sindikatuak «arriskutsutzat, iraingarritzat eta mingarritzat» jo zuen CENeko enpresariek «diru publikoa erabiltzea -60.000 euro- modu seguruan lan egitea langilearen esku dagoela sinetsarazi nahi duten ideiak zabaltzen dituen kanpaina egiteko».
«Enpresarien kanpainak prebentzioaren berezko printzipioen aurka egiten du, eta enpresariek arlo horretan dituzten legezko betebeharrak hankaz gora jartzen ditu. Nafarroako lan heriotzen agertoki tragiko honetan, prebentzio legea ez betetzeko orduan erakusten duen lotsagabekeriaren bertze erakusgarri bat da kanpaina», adierazi zuen sindikatuak ohar batean.
LABen iritziz, gainera, onartezina da kanpaina horrek Nafarroako Gobernuaren babesa izatea eta ideia horiek Enplegu Planaren eszenaratzearen parte izatea. Salatu zuten Nafarroa Garaiak oso egoera latza bizi duelarik egiten ari direla kanpaina: «Iragan urtean 26.000 lan istripu aitortu zituzten, horietatik 26 hilgarriak, eta aurten dagoeneko 12 langile hil dira lanean».
«CEN patronalak bertzeren erantzukizun gisa ikusten du laneko arriskuen prebentzioa, nahiz eta enpresen zuzendaritzek erabakitzen dituzten lan eta enplegu baldintzak. Estatu espainolari egokitutako Europako lan osasunaren araudiak hiru hamarkada daramatza hori argi eta garbi uzten: ‘Enpresaburuari dagokio bere langileen segurtasunaren eta osasunaren bermatzailea izatea’», azaldu zuen sindikatuak, igorritako oharrean.
LABen esanetan, legeak enpresariari ematen dio erantzukizuna eta, aldi berean, hori aurrera eramateko tresnak ematen dizkio. «Hala, enpresaburuak langileak zigortu ditzake segurtasun arauak betetzen ez badituzte; langileek, berriz, ez dute inolako tresnarik enpresaburuei lan baldintza seguruak berma diezazkieten eskatzeko. Azken batean, Espainiako Lan Ikuskaritza bat dute, bederatzi ikuskariz osatua, Nafarroan lan egiten duen 311.400 pertsonako biztanleria batentzat; bistan denez, baliabide horiek oso urriak dira».
NAFARROAKO GOBERNUAREN ARDURA
LABek nabarmendu zuenez, lan arloan Nafarroako Gobernuak «alderdikeriaz jokatzeari utzi behar dio; CEN, UGT eta CCOOren Gobernua izateari utzi behar dio. Diagnosi eta eztabaida zintzorik gabe ezinezkoa da egoera aldatzea eta hobetzea».
Eta ohartarazi zuen Elkarrizketa Sozialak ez duela balio. «Ezin da izan Iñaki Mendioroz Lan zuzendaria enpresaburuen dogmaren morroi izatea eta bere diskurtsoa zapuzten duen errealitate batekin akritiko izatea. Izan ere, nola kalkulatu du 2028. urterako istripuen tasa %20 murrizteko helburua? Zer diote azken bi urteetako “Prebentzioko Lurralde Ordezkaria” programaren eraginkortasunari buruzko ebaluazio txostenek?», galde egin zuen sindikatuak.
«Enpresariek araudia betetzen ez duten bitartean eta Maria Chivite lehendakariak Lan Ikuskaritza propio baterako eskumenak eskatzen ez dituen bitartean, erakusten jarraituko dute Nafarroako langileen bizitzek bortz axola zaizkiela», amaitu zuen.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
