IRAITZ MATEO
DONOSTIA

Ane Zubeldiak «Kontra» poema liburua ondu du, talkan izan beharrean elkar ukituz

Zer da kontra egotea? Zer, kontra egitea? Talka zuzena baino «frikzioa» baldin bada kontra egotea? Izenburua ematen dion «kontra» kontzeptua hartuta, estreinako poema liburua idatzi du Ane Zubeldia Magriñak.

Zubeldia, estreinako poema liburua eskuetan.
Zubeldia, estreinako poema liburua eskuetan. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Liburu honetan, kontra egotea ukitzea da»; hori esan zuen Ane Zubeldiak atzo, bere lehen poesia liburua aurkeztean. Susa argitaletxearekin plazaratu du, “Kontra” izenburupean.

Hizkuntzarekiko kezka eta ardura izan ziren liburuaren abiapuntua: «Geroz eta mundu polarizatuago batean bizi gara, eta nire sentsazioa zen hizkuntzaren beraren erabilera gogorra egiten zitzaidala batzuetan, eta gogortasun horrek eragiten zidan nolabaiteko min bat, hori arakatzeko gogoa».

Hala, sentsazio horretatik berehala etorri zitzaion izenburua: zer da kontra egitea? Nola gaude gauzen kontra? «Frikzioaren» ideiari tiraka etorri zitzaion hurrengo ideia: «Munduaren parte handiena frikzioak egin du eta ez talkak. Kontra egotea ez da aurrez aurre talka egitea bakarrik, baizik eta ukitzea. Eta hori arakatu dut, nola egon kontra elkar ukitzen dugunean».

Leire Lopez Susako editoreak azaldu zuen 46 poema dituela liburuak eta lau ataletan banatuta daudela. Maitasuna, heriotza, lagunak, frikzioa, isiltasuna, iraganaren aztarna, poesiari eta epikari buruzko gogoeta, klima aldaketa, gorputzak igerian, gizonak arrantzan, oporrak, orkatila bihurrituak… biltzen ditu Zubeldiak liburuan. Lopezek esan zuen liburuan forma aldetik ere bilaketa bat badagoela, eta bi adibide aipatu zituen: hitzak elkarri lotuta elkarrekin beste zentzu bat har dezaten edo zehar-marrarekin banatzea, haien artean distantzia handiagoa jartzeko. Hala ere, ohartarazi zuen formarekin egindako jolasak ia ez direla nabaritzen, «modu organikoan daudelako txertatuta».

«Ez dakit liburu hau idatzi nahi nuen, baina nahi nuen liburu hau idatzi dudan moduan idatzi», onartu zuen idazleak. Zein da modu hori? Lasaitasunez, kontenplaziotik, ingurua behatuz. Zubeldiak kontatu zuen dantza txikitatik egin duela; «dantzak erakutsi zidan beste gorputz batzuen kontra eta frikzioan egoteko arreta hori, eta idazketara ekarri nahi izan dut».