GARA
ANTSOAIN

Antsoainen etxegabetze bat burutu dute, Foruzaingoak errazturik

Poliziaren kargaren unea.
Poliziaren kargaren unea. (Iñigo URIZ | FOKU)

"Nerea ez doa", horixe izan zen atzo Antsoainen dozenaka pertsona bildu zituen Haritu plataformaren mezua. Deialdia etxegabetzea eragoztera bideratuta zegoen, emakume horrek eta bere familiak oraingoz bizitoki alternatibarik ez dutelako.

Foruzaingoa ingurumarietara agertu zen zortzi furgonetarekin, eta alderdi hartako kaleak itxi zituen, etxebizitzaren aurrean kontzentrazioa egitea eragozteko.

Nerea bizi den etxebizitza Iruñerriko Lerin kalean dago, eta harekin bi adingabe bizi dira bertan, azaldu zutenez.

Harituk bildutako pertsonak etxebizitzaren parean kokatu ziren, "Etxebizitza ez da negozioa" oihukatzen.

Etxegabetzea gauzatzeko segizio judiziala hurbildu zenean, egoera gehiago tenkatu zen. Orduan, Foruzaingoak han zeudenen aurka borraz kargatzea erabaki zuen.

Etxebizitzan sartutakoan, pertsona bat atxilotu zuten. Ondoren libre geratu zen, baina isun handia jasotzeko mehatxupean.

Etxe barrutik grabatutako bideo bat zabaldu du Haritu plataformak, pisuan sartu ziren unea erakusten duena. Bertan ikusten denez, agenteetako batek, gutxienez beste birekin batera zihoanak, ostikada batez ireki zuen etxeko atea .

Jarduketa judizial eta polizialak eragindako tentsioaren ondorioz, anbulantzia bat bertaratu zen, antza, egoiliarren bat artatzera.

Horrenbestez, herritarrek geldiarazteko egindako lanaren gainetik gauzatu zen etxegabetzea azkenean.