Eskarmentuari martxa bat gehitzea falta
Joanes Bakaikoak B Serieko Buruz Buruko hirugarren txapela nahi du eta Asier Agirrek, txapelketan estreinakoa, bere bigarren final jarraian.

Pilotako urteko momenturik garrantzitsuenera iritsi gara. Buruz Burukoa pilotari batek jantz dezakeen txapel preziatuena da eta datozen bi asteetan bi final handi jokatuko dira. Ekainaren 1ean Altuna III.ak eta Artolak Lehen Mailakoa jokatuko dute, baina horren aurretik larunbat honetakoa dago, irabazten duenari datorren urteko txapelketa nagusian egoteko aukera emango diona. Asier Agirre edo Joanes Bakaikoa izango da hori.
Baiko enpresako bi pilotariek B Serieko finala jokatuko dute Iruñeko Labrit pilotalekuan. Etxetik gertu arituko dira biak. Agirre, etxean bertan, baina Etxarri Aranatzeko beste pilotariari ez zaizkio jarraitzaile eta senideak faltako.
Iaz Iker Larrazabal izan zen txapelduna eta aurten Lehen Mailan aritu da. Arabarrak sekulako ikuskizuna eskaini eta finalerdietaraino iritsi da, askorentzat sorpresa emanda. Pilota barruan daudenek badakite zer nolako maila duen Amurriokoak, eta haren pausoei jarraitu nahi diete Agirrek eta Bakaikoak.
ESKARMENTUDUNAK
Finala jokatzea ez da nobedadea beraientzat; eskarmentuari begiratuta, indarrak pareko daudela esan daiteke.
«Beste aurkari baten kontra agian esperientzia garrantzitsua dela esango nizuke, baina Asierren kontra, biok antzeko gaude, esperientzia handia dugu; berak ni baino bi urte gehiago ditu eta esperientzia handia du partida hauetan, eta hor ez da abantailarik edukiko», adierazi zuen Bakaikoak atzoko material aukeraketan.
28 urteko aurrelariarentzat laugarren Buruz Buruko finala da, eta bitan jantzi du txapela: 2018an eta 2023an. Asier Agirre bigarrenez segidan iritsi da Buruz Buruko finalera. Binakakoan eta Lau eta Erdian txapeldun izandakoa da, baina Buruz Burukoa falta du palmaresean. «Gogotsu nago. Azkenean, buruz burukoa asko gustatzen zaidan modalitatea da, baina orain arte ez dut aukera izan txapela eramateko. Iaz tanto bategatik ihes egin zidan; aurtengoa aukera polita da eta ea aukera dudan txapela janzteko», adierazi zuen finalera «oso ondo» iritsiko den Iruñeko aurrelariak.
Larunbateko final handiari buruz, Etxarri Aranatzeko pilotariak honakoa esan zuen: «Gaur egun oso azkar jokatzen dugu denok. Sakearekin abiadura handia ematen diogu pilotari. Uste dut partida azkarra izan daitekeela baina aldi berean oso gogorra, eta edozer gauzatarako prest egon beharko dugu».

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

Etxebarriazarragak jantzi du Bizkaiko txapela
