Ritxi AIZPURU
Musika pentsalaria

Musikaren burujabetzak

Pertsona, bere osotasunean, politikoa da (generoa eta baita ageneroa ere). Kultura ez da inoiz urrundu politikatik, Akoa edo Zkoa izan arren. Askoren ustez, jakin behar omen da musikaria, pertsona eta haren lana desberdintzen. Artista disidentearentzat musikariaren obra eta pertsona ezin dira bereizi, dena delako politika. Hor eta horrek neurtuko du artistaren burujabetasuna. Musikariaren kantuak eta haren bizitza pertsonala uztarturik daude egunerokoan, rolak antzerkirako utzita. Artista disidentea edozein botere harreman hertsatzailetik urrunduko da, ezarritakoaren aurka.

Pelaxek “Koberrak” disko akustikoan Kaskezur taldearen “Haizea hartzera noa” kantuaren bertsioa egin du, eta testuak badu agian disidentziatik pentsatutako esaldi bat, antipunitibista ukitukoa, zera dioenean: “Legerik gabeko legea inposatzera noa”, nahiz eta epaileari desio dion berak ezarritako kartzela.

Burujabetzaren atalak asko dira. Burujabetzara iristeko eskailera luzearen maila guztiak igo behar dira. Baina zergatik igo eta ez jaitsi? Igotzea nekezagoa da. Jaistea errazagoa. Metaforekin jarraituta, zergatik ez erabili “zelai lauan ibili”? Zein da burujabetzaren atalik ezinbestekoena? Antipatriarkala, antikapitalista, antineoliberal-faxista eta beste makina bat “anti” horiek osatuko lituzkete burujabetza ez-hierarkiko eta ez-hertsatzailearen ildoak. Burujabetza politiko, ekonomiko eta sozialen uxada eta oldartzeak batuko dira osasunaren kudeaketa autogestionario eta horizontaletik. Uxadak.