Ramaphosa onik irten da Trumpek Etxe Zurian prestatutako segadatik
Bi herrialdeen arteko harremanak azken urteotako une baxuenean daudenean bisitatu du Etxe Zuria Hego Afrikako presidenteak. Volodimir Zelenskirekin egin bezala, Donald Trump lider hegoafrikarra umiliatzen saiatu da kazetarien aurrean, zurien aurkako genozidio akusazioa eta guzti. Baina Cyril Ramaphosa probokazioei erantzuteko prestatuta joan da Washingtonera.

Cyril Ramaphosak bazekien Etxe Zuria bisitatzea jokaldi arriskutsua zela, negoziatzaile oso ona izatearen ospea duen arren (Mandelaren ANCren talde negoziatzaileko burua izan zen apartheidaren amaieran). Golfari buruzko liburu bat opari ekarri zion Donald Trumpi, eta eskerrak eman zizkion pandemian AEBk Hego Afrikari emandako laguntzarengatik.
Bileraren hasieran Trumpek Ramaphosari errespetu handia ziola esan zuen, eta honek esan zuen pozik zegoela Etxe Zurian; bi herrialdeen arteko «harremana berrabiarazteko» etorri zela adierazi zuen. Hasierako zati diplomatikoaren ostean, baina, Hego Afrikako kazetariek iragarri zuten «Zelenski tratamendua» iritsi zen, otsailean Ukrainako presidentearekin zuzenean izandako liskarra gogoan.
Oraingo honetan Trumpek segada are makurrago prestatu zuen Ramaphosaren aurka. Une batean parez pare zeukaten pantailara begiratzeko eskatu zien Bulego Obalean zeuden kazetariei eta delegazioko kideei, Hego Afrikan zurien aurkako genozidio bat dagoela erakutsi nahian. Besteak beste, Parlamentuan «hil boer-a» (nekazari zuria) oihuka ageri zen diputatu bat.
TALDEKIDE ZURIAK
Ramaphosa ez zen aztoratu. Gogora ekarri zuen irudietako diputatua oposiziokoa zela, eta oihua gaitzestearekin batera Nelson Mandela gogora ekarri zuen, Hego Afrikak berradiskidetzearekin daukan konpromisoa berretsiz. Trumpek ez zuen etsi, estutzen jarraitu zuen nekazari zuriei lurrak kentzeagatik. Une batean zenbait argazki erakutsi zituen, hildako nekazari zuriak zirela esanez. Ramaphosak AEBren kezkak aintzat hartuko zituela esan zion, baina gogoratu zion Estatu Batuek ere badituztela interes nazionalagatik lurrak desjabetzeko legeak.
Etxe Zuriak prestatu zion segadari itzuri egiteko, Hego Afrikaren estrategia talde lana izan zen. Nekazari zuri guztiek alde eginez gero zer gertatuko zen galdetu ziotenean, Ramaphosak John Steenhuisen Nekazaritza ministro zuriari eskatu zion erantzuteko.
Nekazari gehienek beren herrialdean geratu nahi zutela erantzun zuen, eta azpimarratu zuen indarkeriak beltzei ere eragiten diela. Ramaphosak erantsi zuen kriminalitatearen sustraietako bat pobrezia dela, eta garapen ekonomikoa dela horri aurre egiteko gakoa. «Zuen laguntza behar dugu horretarako», esan zuen, eta, aretoan zen Elon Muskengana itzuliz, haren programa aipatu zuen: «Starlink behar dugu polizia etxe bakoitzean».
Bisitaren motibo nagusia merkataritza bultzatzea da. Izan ere, Hego Afrikak bigarren kide komertziala du AEB (Txinaren ondoren). Washingtonen laguntza eteteak HIVa (bost herritarretatik bat) daukaten 8 milioi hegoafrikarrei testak nabarmen apaltzea ekarri du.
Gobernuko kideez gainera, Johann Rupert enpresari zuriak eta Ernie Els eta Retief Goosen golf jokalariak ere etorri ziren Hego Afrikako taldean.
Ramaphosak bazekien Trumpek berari esaten utziko ez ziona arazorik gabe entzungo zuela zurien ahotik. Eta hala izan zen.
Kritikak «urrezko kupulari»
Donald Trumpek misilen aurkako ezkutua aurkeztu du Bulego Obalean. «Urrezko kupula» deitu dio; Israelen «Irondome» (burdinazko kupula) sisteman inspiratuta dago, baina eskala askoz handiagoan. «Munduan edonondik, baita espaziotik ere» AEBren aurka jaurtitako misilak atzemateko gaitasuna izango luke, eta agintaldiaren amaierarako prest egotea espero du. «Inoiz eraikitako sistema onena izango da», esan zuen Pete Hegseth Defentsa idazkariak. 175.000 milioi dolar erabiliko dituzte hasiera batean, baina 20 urteko epean bilioi erdi dolar baino gehiago izateko.
Errusiak zuhur hartu du albistea. «AEBren auzi subiranoa» dela adierazi du Kremlinek. Txina kezkatuago agertu da. Ezkutu horrek «oreka estrategikoa eta munduan egonkortasuna higatzen» duela esan du, lasterketa armamentistikoa bultzatuz.U. U.

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
