NUPi buruzko «erabaki euskarafoboa» salatu eta ofizialtasuna aldarrikatu dute
Iruñeko Epaitegiak ontzat jo du UGTren helegitea, eta euskara ez da merezimenduzkoa izango NUPen Tuterako campusean lan egiteko. Kontseiluak, NUPeko Euskara Taldeak, LABek eta ELAk «erabaki euskarafoboa» salatu dute.

Iruñeko Administrazioarekiko Auzietarako 2. Epaitegiak berriki ontzat jo zuen UGT sindikatuak jarritako helegitea eta, ondorioz, euskara ez da merezimenduzkoa izango Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Tuterako campusean lan egiteko. Aldiz, alemana, frantsesa eta ingelesa bai. Atzerriko hizkuntzak baloratzen dira; berezko hizkuntza, ez.
Atzo NUPeko Iruñeko campuseko liburutegi aurrean egindako elkarretaratzean Euskalgintzaren Kontseiluak, NUPeko Euskara Taldeak eta LAB eta ELA sindikatuek epaitegien «erabaki erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa» salatu zuten. Halaber, nafar guztiei euskaraz ikasteko, lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko irtenbide bakarra euskararen ofizialtasuna Nafarroa osora zabalduko duen lege aldaketa dela adierazi zuten.
OLDARRALDI IDEOLOGIKOA
Esan zutenez, euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia ez da soilik judiziala, sindikala eta politikoa ere bada, are, ideologikoa. Mezu argi bat ematen du: «Urrunegi joan zarete». Kritikatu zutenez, berriz ere botere judizialak erabaki du euskararen sustapenaren aldeko hizkuntza politikek noraino egin dezaketen aurrera.
NUPeko Euskara Taldeak egindako azken inkestaren arabera, ikasleen %85ek uste dute unibertsitatea ez dela behar bezala ahalegintzen euskaraz ikasteko eskubidea bermatzeko, eta, kasu honetan bezala, norabide horretan gutxieneko ahalegin bat egin denean, epaitegiek atzera bota dute.
Dena den, auziaren oinarrian 1986ko «Vascuencearen» Foru Legeak ezartzen duen hizkuntza zonifikazioa dagoela ikusten dute, Nafarroa eta nafarrak hiru eremutan bereizi zituena, bizitokiaren arabera herritarrei eskubide ezberdinak aitortuz.
«Ez dute ulertu, edo ez dute aitortu nahi, ofizialtasunak ez liokeela inori ezer inposatuko, milaka herritarrei eskubideak aitortu baizik», ohartarazi zuten.

Irainak txapeldunari bere hizkuntza erabiltzeagatik

Un llamamiento a la esperanza en el último adiós a «Peixoto»

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes
