GARA
BILBO

LABek Bizkaiko Egoitzen Plana kritikatu du, lan baldintzak salatuz

LABek Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitzen Plana kritikatu du, langileen baldintzak eta herritarrei arreta emateko eredua aintzat ez hartzeagatik.

Sindikatuak atzo aditzera eman zuenez, Bizkaiko Foru Aldundiak 2024ko uztailean egoitzen plana eguneratzeko zerbitzuen kontratua esleitu zuen, foru egoitza eta lantokien egoera eta erabileraren diagnosia egitea xede. Horren bidez, asmoa zen alternatibak identifikatzea, ekintza plan bat zehaztea eta erabaki bat hartzea 2027a baino lehen.

LABek egokitzat jo zuen egungo Egoitzen Planaren ebaluazioa egitea, «zerbitzu publikoaren eta/edo herritarren arretarako ereduaren inguruan, eta, batez ere, etorkizuneko egoitza horien barruan plantillak berak dituen baldintzei dagokienez».

ALTERNATIBA HERREN

Sindikatuak esan zuenez, planteatutako alternatibak ikuspegi «kuantitatibo eta ekonomizista hutsetik» planteatu dituzte, parametro jakin batzuk soilik kontuan hartuta: «Eraikinen aurrekontu kostua, okupazio azalera edo egungo zentroetan lan egiten duten langileen kopurua».

LABen aburuz, plan honen diagnosiak beste irizpide batzuk jaso beharko lituzke, «zuzenean eragiten dutenak bai langileen lan baldintzen kalitatean bai herritarren arretarako ereduaren kalitatean».