A.A.
GALDAKAO

Bide bat, hiru gune, hamaika bizipen

Aurtengo Ibilaldia, aurrekoak bezala, ez da ibilbide hutsa izango, hiru gune nagusitan banatutako bizipen erraldoi bat baizik, ikastola eta herria lotzen dituena.

Kaleko giroa ez da faltako aurten Galdakaon. Irudian, iazko edizioa Getxon.
Kaleko giroa ez da faltako aurten Galdakaon. Irudian, iazko edizioa Getxon. (Mikel MTZ. DE TRESPUENTES)

Maiatzaren 25 honetan Galdakaoko kaleak eta plazak euskararen, kulturaren eta festaren topagune bihurtuko dira. Aurtengo edizioa, aurrekoak bezala, ez da ibilbide hutsa izango, hiru gune nagusitan banatutako bizipen erraldoi bat baizik, ikastola eta herria lotzen dituena. Ibilbidea bera, Eguzkibegi ikastolatik erdiguneraino, xendra sinbolikoa da: komunitatea, parte hartzea, elkarlana eta euskara uztartzen dituen kamio bitxi bat, hain zuzen ere.

1. GUNEA. EGUZKIBEGI IKASTOLA: HASIERA ETA BIHOTZA

Festa Eguzkibegi ikastolako instalazioetan abiatuko da, gogotsu, giro parte hartzaile eta bizian. Goizean DBHko ikasleen Street Escape Erronka jokoa egingo da eta, jarraian, Taupadak Dantza Eskola eta Andra Mari Dantza Taldea dantzan arituko dira, zuzen-zuzenean. Eguerdian Akerbeltz taldearen erromeriaz gozatu ahal izango dute, eta, arratsaldean, Estitxu Robles eta Dantzaz-en ikuskizuna taularatuko da.

Musika festa Mitxel Play-ren diskofestarekin eta DJ Bull-en setarekin biribilduko da. Txikitxoko berezia egingo dute haurrentzat: Montessori estiloko jolasak, Panpotxen puzgarriak, aurpegia margotzeko tailerrak, Ukeriaren dinamika eta liburutegi txiki bat basoan…

Gune honetan jateko eta edateko tokia ere izango da. 13:00etatik 16:00etara herri bazkaria egingo dute, bertan janari, edari eta krispeta postuak egongo direla.

2. GUNEA. ROMUALDA ZULOAGA PLAZA: GUZTIONTZAKO TOPAGUNEA

Etxebarriko bihotzean kokatua, bigarren gune hau familia eta bisitarientzat egokia da. Goiza Motx pailazoarekin hasiko da eta, ondoren, Go!azen-eko emanaldiak eta Taupadak-en dantza interaktiboak euren aukera izango dute.

Harriti taldeko emakume kirolariek ikuskizun zoragarria eskainiko dute, eta arratsaldean Zazpizar taldearen erromeriaz gozatu ahal izango dugu. Musika Eskolaren kalejirak girotuko du arratsaldea. Jarraian, jardunaldiko unerik indartsuenetako baten txanda iritsiko zaigu: Kai Nakai-ren kontzertua. Gune honek nolabaiteko azoka kutsua izango du: giro herrikoia, ikuskizunak eta parte hartzea uztartuko dira.

3. GUNEA. KURTZEKO PLAZA: HELDUEI BEGIRA

Kurtzeko plazan helduagoentzako gunea antolatu dute. Mago Tor-en ikuskizunak hasiera emango dio jardunaldiari. Ondoren, Sustabiz Fundazioaren herri kirol erakustaldiak izango dira (haur eta helduentzat).

Eguerditik aurrera taberna ibiltaria martxan jarriko da. Arratsaldean DJ Kaktusen eta Ollokiren kontzertuak ikusteko parada izango dugu. Erronkaren sari banaketa gune honetan izango da eta, ondoren, Oxabiren emanaldiarekin amaituko da eguna, plaza osoa dantzan jarrita.

Gune honetan bi espazio bereizuko dira: eszenatokiarena eta txosnaren eremua, helduentzako gune dinamiko bat osatuko dutena.

Hiru guneez gain, ibilbidean zehar musika eta animazioa ez dira faltako, Zanpanzarrak taldearen kalejiraren, Goloka anzterki taldearen “Baso izkutuan” ikuskizunaren eta Usansolo eta Galdakaoko dultzainero taldearen eskutik.

Eguzkibegi ikastolak gogoz antolatu duaurtengo jaia. Gune guztiek, bere nortasun propioa eduki arren, helburu bera izango dute: euskara, hezkuntza eta herrigintza ospatzea. Zatoz Ibilaldira! Parte hartu eta gozatu euskaraz!