Ikastolen etxe handia,klandestinitatean loratzen
Ikastolen etxe handia behetik gora eraikitzen hasi zen 60. hamarkadan; ikasgelaz ikasgela, herririk herri, auzorik auzo… ia baliabiderik gabe, aitortza edo babes ofizialik gabe. Baina asmo sendo bat partekatzen zuten: euskara hilzoritik atera eta haren etorkizunaren alde lan egitea.

XX. mendean, zenbait hamarkadatan, euskarak jazarpen gogorra jasan zuen gurean. Plaza eta kaleetatik erbesteratua, komunikabideetatik ezabatua, hezkuntzatik erabat kanporatua… gure hizkuntzak garai oso latzak ezagutu zituen. Frankismoaren garaian, euskararen erabilera publikoa debekatuta zegoen, eta askok isunak eta zigorrak pairatu behar izan zituzten.
Testuinguru zail hartan zenbait andereñok beren kabuz itxaropenezko argi txikiak piztu zituzten diktaduraren gau ilunean, Errepublika garaiko lehen urratsak berreginez. Haien artean Elbira Zipitria nabarmendu zen, Gipuzkoan 40ko hamarkadan klaseak bere etxean ematen hasi zen emakume menderaezina. Bizkaian ere izan ziren bide hori jarraitu zuten emakumeak: Julia Berrojalbiz, Maria Angeles Garai, Agurtzane Alberdi, Estibaliz Lopez de Guereño, Monika Lekunberri...
Estreinako etxe-eskola haiek ikasgune hutsak baino askoz gehiago izan ziren: mespretxatutako hizkuntza baten babesleku, eskola berri baten hazi, etorkizun hobe baten esperantza… Txikiak ziren ikas-talde haiek, etxeko giroan sortuak, baina aurrera egin zuten. Eta hori guztia, kontrako giroan, gaztelaniazko hezkuntza baizik onartzen ez zuen legedia saihestuz.
Poliki-poliki, beste emakume batzuek -askok Emakume Abertzale Batzarekiko lotura zeukatenak- mugimenduari atxiki eta eredua zabaldu zuten gure auzo eta herrietan. Irakasleak ondo prestatuta zeuden, esnatzen ari zen gizarte batean sakon erroturik, eta ongi baino hobeto zekiten eskuen artean erabiltzen zutenaren garrantzia. Ikasleen familiek diru babesa ematen zioten bere sentitzen zuten egitasmo hari eta gogotsu parte hartzen zuten kudeaketan zein eskolatik kanpoko jardueretan.
60ko hamarkadan, ordea, tokian tokiko egitasmo haiek nola edo hala gorpuzten hasi ziren. Etxeak ikasgela bihurtu ziren; akademiak, eskola. Gurasoek bultzaturik, egitura kooperatiboa hartu zuten lehen ikastola haietako askok, eta euskarazko irakaskuntza eskaintzeaz gain, beste balio batzuk ere sustatu zituzten: parte hartze soziala, berdintasuna, euskal kultura…
IKASMATERIAL PROPIOA
Apurkako prozesua izan zen, deszentralizatua eta desorekatua. Talde bakoitzak bere bideak bilatu behar izan zituen, legediak ezartzen zizkien zailtasunei itzuri egiteko. Euren ikasmateriala sortu zuten: liburuak, agerkariak, marrazkiak…“Kili-kili” aldizkari mitikoa ospetsua izan zen orduko haurren artean. Gainera, proiektua hobetze aldera, harremanak estutu egin zituzten Ipar Euskal Herriko erakunde eta ekimen batzuekin.
Ikastolak sendo hazi ziren, isilean askotan, sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik. Asmo sendo bat partekatzen zuten: euskara hilzoritik atera, eta haren etorkizunaren alde lan egitea. Behetik gora eraiki zen ikastolen etxe handia; ikasgelaz ikasgela, herririk herri, auzorik auzo… Ia baliabiderik gabe, aitortza edo babes ofizialik gabe. Baina gizon-emakume haiek zuzenaren alde jarduteak ematen duen indarra eta kemena zeuzkaten, eta hori ez da huskeria.
Egun, ikastolen ametsa errealitate sendo bilakatu da, bizi-bizirik dagoena, modernoa eta anitza, euskal gizartean guztiz sustraitua. Baina euskaldunok ez dugu ahaztu behar garai batean, ez oso urrun, euskaraz ikasteak eta irakasteak berebiziko ausardia eta konpromisoa eskatzen zituela. Askotan iluntasunean irauten jakin behar da, loraldi eder bat izan arte.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
