P. LEKUONA - M. UBIRIA

Seaska: «Ez da posible 39 ikasleko gela bat bigarren mailan; onartezina da»

Ikasturte berrirako irakasle gehiago behar ditu Seaskak, ikasle kopurua nabarmen handitu baita. Bost irakasle berri behar ditu bigarren mailan, eta bost berezitu, lehen mailako inklusiorako.

Erik Etxart, Seaskako bozeramailea.
Erik Etxart, Seaskako bozeramailea. (Patxi BELTZAIZ)

Seaskak mobilizazioa egin zuen ostiralean, Baionako kaleetan, Hezkuntza Ministerio frantziarrak heldu den ikasturterako irakasle postuei emandako erantzun «murritz eta berantiarra» salatuz. Erik Etxart Seaskako bozeramaile eta Ikastolen Elkarteko lehendakariordea NAIZ Irratian izan zen elkarrizketan eta, adierazi zuenez, heldu den ikasturterako irakasle gehiago behar dira.

Ikasle kopuruak nabarmen gora egin du, eta, ondorioz, «bost irakasle berri beharko lirateke bigarren mailan», eta beste «bost irakasle berezitu, lehen mailako inklusiorako». Hala ere, frantziar Administrazioak ez die eskaera horiei erantzun egokirik eman. «Ez da posible 39 ikasleko gela bat bigarren mailan; egoera hori onartezina da», gaitzetsi zuen Etxartek. «Inklusioaren alorrean ere haurrek baldintza egokiak behar dituzte, baina gaur-gaurkoz ez zaizkie eskaintzen».

ITUNA AGORTUTA DAGO

Etxartek gogorarazi zuen 2022. urtetik agortuta dagoela Seaskaren eta Hezkuntza Ministerioaren arteko hitzarmena. Itun horrek, besteak beste, irakasle postuak kalkulatzeko metodologia bat ezartzen zuen, baina praktikan «trabak» ageri direla kritikatu zuen.

Seaskak baliabide gehiago eskatzen ditu, baita azterketen hizkuntzari dagokionez ere: Bernat Etxepare lizeoko ikasleei baxoa euskaraz egitea galarazten zaiela eta, aldarrikapena indarrean mantentzen dela azpimarratu zuen.

BORNERI GUTUNA

Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoetako Departamenduak Pariseko Parlamentura bidaltzen dituen sei hautetsiek bat egin dute Seaskak heldu den ikasturteari begira eginiko eskakizun horiekin. Hala, maiatzaren 21eko data duen gutunaren bidez, haien arrangura adierazi diote Elisabeth Borne buru duen Hezkuntza Ministerioari.

Peio Dufau, Colette Capdevielle eta Iñaki Echaniz diputatuek, eta Max Brisson, Frederique Espagnac eta Denise Saint-Pe senatariek izenpetu duten eskutitz horretan, Ministerioak emandako irakasle kopurua guziz eskasa dela ohartarazi dute.

33 ikastolak, bost kolegiok eta lizeo batek osatzen duen sarean, 4.300 ikasle errezibitzen ditu Seaskak; hau da, Ipar Euskal Herriko ikasleen %9. Irakasle postu urriak hezkuntzaren kalitatea kinkan jartzen duela agertu dute parlamentariek, eta postu gehiago galdegin diote Borne ministroari.