Nerea GOTI
BIZKAIKO IKASTOLEN JAIA GALDAKAON

Galdakaoko amets kolektiboa jai bilakatu zen ibilaldian

Basoan, Eguzkibegi Ikastolaren hezkuntza proiektuaren parte den tokian, abiatu zen Ibilaldia Galdakaon. Gerizpe fresko horretatik, egia bihurtu eta hazi den komunitate baten amets kolektiboa marraztu zuten, euskal hezkuntza sisteman ikastolek duten lekua aldarrikatuz. Basotik berehala zabaldu ziren kaleetara euskararen aldeko jaiaren uhinak.

Ondoko orrialdean, jendetza ikastolaren inguruko gunean. Lerro hauen gainean, zenbait jarduerak utzitako irudiak.
Ondoko orrialdean, jendetza ikastolaren inguruko gunean. Lerro hauen gainean, zenbait jarduerak utzitako irudiak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Eguzkibegi Ikastolaren inguruan hazi den komunitatearen amets kolektiboa jai bihurtu zen, bigarrenez. 16 urteren ondoren, berriz Galdakaon, ikastolen balioek euskal hezkuntza sisteman duten lekua aldarrikatu zuten.

Ez zuen ohiko hasiera ekitaldirik izan, ez behintzat kokapenari dagokionez, ikastetxean egin beharrean hezkuntza proiekturako arnasgune naturala den Pepeto basoan izan baitzuen abiapuntua. Han bildu ziren agintariak, alderdi eta sindikatuetako ordezkariak, beste hainbat eragilerekin batera.

Diktadura betean guraso talde batek sortu eta auzolana ardatz hartuta eraikitako proiektuaren zimenduek bere horretan jarraitzen dutela nabarmendu zuten. 58 urte ditu Galdakaoko Ikastolak; 30 ikasle inguru eta bi irakaslerekin jarri zuten abian. Gaur egun 600 ikasle ditu ikastetxeak.

Bizkaiko Ikastolen jaia bera amets kolektibo baten emaitza dela azaldu du zuen Josu Telleria Ibilaldia Elkarteko presidenteak. Euskarak bizi dituen erasoaldien aurrean ikastolek egindako apustua azpimarratu zuen, abenduaren 27an Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartuko dutela gogoraraziz.

Horren ondoan, maila akademikoan, aurreratu zuen laster hainbat proposamen berri aurkeztuko dituztela, «euskal curriculuma berriztu eta garatzeko, eremu pedagogikoan, burujabetza eta lurraldetasuna zein aniztasuna lantzeko», eta inoiz euskal hezkuntza sistema bakarra egongo bada, «denon artean» egina izan beharko dela ohartarazi zuen, erdigunean euskara eta euskal kultura jarriko duena eta «komunitate osoaren benetako parte hartzearekin».

Ikastolek sistema propio horretan izan behar duten parte hartzea eta ahotsa azpimarratu zituen, defendatzen dituzten balioak eta espiritua goraipatuz.

BERRIKUNTZAREN BEHARRA

Begoña Pedrosa Lakuako Gobernuko Hezkuntza sailburua izan zen hitza hartu zuen agintarietako bat. Azken hamarkadetan euskalduntzean hezkuntzak egin duen ekarpenean jarri zuen azpimarra. D ereduko murgiltze eredua aipatu zuen bereziki, eta berrikuntzan jarri zuen fokua euskal hezkuntzak dituen erronkei eman beharreko erantzunei erreparatzean.

Haren hitzetan, hizkuntzak funtsezko tresnak dira bizikidetzarako, eta euskararen kasuan inklusiorako eta kohesiorako elementu gisa duen garrantzia nabarmendu zuen.

Ikasleen errealitateari so, gogoratu zuen gero eta gehiago direla hizkuntza bat baino gehiago dituzten ikasleak. «Etorri berrien eskolatzearen eta euskalduntzearen erronka daukagu aurrez aurre», esan zuen Pedrosak, eta gaineratu zuen haien «harrerak eta haien ikaskuntza prozesuan arreta jartzeak» eraman duela «orain arte egiteko moduak birpentsatzera». Gero eta pluralagoa den euskal komunitatean «arrazoi bateratzaileen» beharra dagoela esan zuen.

Basotik heldutako doinuek beheranzko aldatsa hartu eta berehala zabaldu zuten giroa, jaiari kontzertuak, jolasak, erronkak, kirola eta dantzak gehituz, herriko eragileen eskutik horietako asko.