«Nobela intimo bat da, hautu estetiko baten aldeko literatura»
«Cul de sac» (Alberdania) eleberria argitaratu du Nerea Arrienek (Lekeitio, 1976). Gazteleraz datorren lan horretan emakumearen bizitzako zikloetan sakontzen du, baita ama-alaben arteko harremanetan ere. Gordintasunari ihes egin gabe, hautu estetiko sendo batez jantzita.

Nerea Arrienek gazteleraz argitaratu duen lehen lana da ‘‘Cul de sac’’. Hizkuntza bera ere eleberrian presente dagoen deslekutze sentsazio horren parte izan da. Distantzia horrek eman dio idazleari esan nahi zituenak esan nahi zituen moduan esateko modua. Emakume izatea, ama izatea, alaba izatea... bere begiradatik.
Has gaitezen izenburutik; «Cul de sac» horrek zer esan nahi du Nerea Arrienentzat?
Liburuak berak badu halako ipar bako zera bat. Hor, hasierako orrian, badago berba bat, ‘‘desnortadas’’... Uste dut atmosfera horretan, testuinguru horretan, pixka bat galtzen zaituen izenburu bat jartzea ere ondo zetorrela. Izenburu honi begiratuta, ze hizkuntzatan datorren liburua ere. Hori gustatzen zitzaidan, liburuko pertsonaiak ez izatea inongoak. Ezin katalogatzea nolabait eta titulua bera ere ez.
Gero, esanahiari dagokionez, zakuaren hondoa edo kalearen amaieran dagoen horma hori irudikatzen du. Inora ez garamatzan kale hori. Pixka bat errepresentatzen du liburuko protagonisten arteko harremana.
Deslekutze sentsazio horretan eragin du hizkuntzaren beraren hautaketak ere? Gazteleraren aldeko hautua egin duzu. Lagundu dizu hizkuntzarekin ere halako distantzia bat hartzeak?
Bai. Pentsatzen badut zergatik egin dudan gazteleraz, agian arrazoi irrazionalen bat dago eta uste dut zuk seinalatu duzun ildo horretatik doala.
Aurreko liburuan [‘‘Zoonimia’’, Pamiela] jatorrira bueltatzeko liburu bat egitetik nentorren. Poema liburu horretan instintuetara itzuli nahi izan nuen, nire burmuin primitibora. Eta hor ahalegin berezia egin nuen nire berbak, benetan nireak direnak, topatzeko. Hitz horiek harreman zuzena zuten nire haurtzaroarekin, nire euskalkiarekin. Zeren euskaraz idazten dudanean batuan idatzi ohi dut, eta hor ere badago arroztasun bat niretzat. Beraz, nahi nuen nolabaiteko nire berba literario primitibo moduko bat bilatu. Lan honetan, baina, beste zerbait egin nahi nuen, askoz ezberdinagoa. Eta uste dut beste puntara joan naizela.
Berez etorri zen hizkuntzaren hautua eta istorio hau ere berez etorri da?
Ni dagoeneko 40 urteen hamarkadan nago. Laster, urte bi barru, 50 urte beteko ditut. Txoke handia da. Sentsazio arraroa da, ezta? Eta uste dut zure buruari gauza asko galdetzen hasten zarela. Eta, bai, identitatearekin zerikusia duen auzi batetik jaio zen liburua. Laster menopausiarekin aurrez aurre aurkituko den emakume bat naiz eta 15 urteko alaba bat daukat. Nik aurrean daukat egunero leherketa bat, hormona leherketa bat etxean. Aldi berean, nik neuk ikusten dut nigan galera... “bako”, “barik”... geratzen ari naizen hori, leherketa hori dela nire alabarena. Azkenean hori gauzatu da istorio batean. Fikziozkoa da, ez da istorio erreal bat, baina bada bizi dugun gizartearen erretratu bat. Orain ohikoa da ama menopausiko bat alaba nerabearekin ikustea. Oso ohiko argazkia da.
Maria eta Elodie ama-alabak dira protagonistak. Irudi indartsu batetik abiatzen da kontakizuna: autoan doazela amak alabari zigarroa pizten dio. Bere sua ematen dio Mariak Elodieri, horrek dituen konnotazio guztiekin...
Zigarroaren su gorri hori, su-argi bat bezala, belaunaldi batetik bestera igarotzen da familia guztietan, emakume guztion artean. Sinbologia asko dago liburuan. Adibidez, zigarroari su-argi hori amak alabari pasatzen dio eta beraiek ilegorriak dira. Eta amona ere hala zen. Odolaren lerro guztia zeharkatzen, nolabait.
Gero, badago sinbologia horren barruan gorri hori apurtzeko hautua ere. Elodiek momentu batean ilea amonak bezala tindatzen du. Platinozko ilehoriz; amaren gorri horretaz arnegatzen du. Su-argi hori oso presente izan nahi nuen liburu osoan. Protagonistak emakume bakartiak dira, baina indar handikoak. Ez dute beldurrik sentitzen dutena, bizi dutena, agertzeko. Sarri edulkoratu egiten da amatasuna, baita emakume izatea bera ere.
Barne gatazkak modu esplizituan azaltzen dituzu bi pertsonaia hauen kasuan.
Mariak berriz ama izateko aukera galdu duela-eta hutsune hori gaizki darama, nahiz eta dagoeneko baden ama eta ez den ari bere guraso funtzio hori betetzen. Elodieren kasuan, berriz, emakume bilakatzearen botere horrek tentatzen du baina, aldi berean, egoerak behartuta izan ez den haur hori ere izan nahi du.
Eleberrian odolaren presentzia deigarria da.
Nahi nuen tonu bat aurkitu odolaz idazteko, baina ez izateko beltza, hau da, noir generotik ihes egiteko. Eta, noski, odola beti ulertu dugu nobela beltzarekin lotuta.
Oso odol konkretuaz ari zara, baina; emakumeen odolaz.
Ahalegindu naiz topatzen semantika bat odolarena, klimaterioarena edo hilerokoarena, estetikoa eta literarioa izan zitekeena, hitz itsusietatik ihes egin gabe. Askotan uste dugu literatura hitz politak bilatzea dela. Nik liburu honetan argi utzi nahi nuen nire hautu literarioa posizio bat dela eta begirada bat, neurea. Azkenean, badirudi emakumeok beti errepresentatzen gaituztela kolektibo baten barruan. Eta ondo dago emakumeok kolektibo horietan aukera izatea bai gure gauzak plazaratzeko eta indarra edukitzeko. Baina uste dut inportantea dela emakumeok intimitatean eta bakarka espresatzeko aukera izatea. Nik behar hori neukan. Kolektibo baten baitan estereotipatzen gaituztenean, emakumeon intentsitatea edo indibidualtasunak isilarazteko modu bat da. Ez dakit zein interesen mesedetan, baina isildu egiten da. Zentzu honetan, nobela intimo bat da, introspekziorako hautu bati erantzuten diona. Beti leporatzen digute emakumeoi nobela intimoak edo autobiografikoak egiten ditugula, ezta? Bueno, ba bai. Nobela intimo bat da, emakume batek egina. Eta badauka ari kronologiko eta gertaeren narrazio bat ere. Baina gainera hautu estetiko baten aldeko literatura da, hautu poetiko baten aldeko literatura. Eta esaten dut horrela aho betez. Nik argi eta garbi diot hau hautu estetiko bat dela, poesiaren aldekoa, sinbolismoaren aldekoa. Eta uste dut horrek ez daukala zerikusirik nobelaren pisuarekin edo azaldu nahi izan dudanarekin.
Lehen lerroetan Betty Draper agertzen da, «Mad Men» telesaileko protagonista. Sortu nahi izan duzun estetika horretara garamatza, berak ordezkatzen duen amerikar tristura malenkoniatsu, dekadente baina aldi berean xuxen horretara, ezta?
Nik uste dut Betty Draper pertsonaia erraldoi bat dela. Ni txundituta utzi ninduen telesaila ikusi nuenetik. Eta, bai, nobela osoa bustitzen du, beste pertsonaia bat da. Badaude horrelako pertsonaia gehiago ere nobelan, ez daukatenak ez ez hankarik ez eskurik baina lerro artean mugitzen direnak. Esaterako, badaude oso presente dauden poeta batzuk: Alejandra Pizarnik, Mireia Calafell eta Sylvia Plath. Lekuak ere beste pertsonaia bat dira nobelan. Kotxea ere bai. Hautu estetiko horren barruan dago bizitza ematea okela ez daukan zerbaiti.
Badago hezurmamitu gabeko beste protagonista bat, baina utzi duen hutsune hori Maria eta Elodierengan gorpuzten da. Mariaren senarra, Elodieren aita. Utzi egin ditu, arrastorik utzi gabe joan da. Baina absentzia hori ere gorpuztu duzu eta eman diozu halako dimentsio estetiko bat, ezta?
Bai, absentzia horrek agertzeko modu bitxiak ditu. Orduan, absentzia bat bezala tratatu dezakezu, baina tratatu dezakezu ere gerturatze bat bezala edo gerturatze batzuk bezala. Zeren absentzia hori ez da berdina Mariarentzat edo Elodirentzat. Erabat ezberdina da. Nire hautua izan da absentzia horren presentzia azpimarratzea.
Narrazioan erreparatzeko orduan, Mariak, adibidez, delirioak ditu, ikusi egiten du une oro. Hau da, hutsaren tratamendua presentziaren bidetik eraman dut gehiago. Modu horretan istorio koralagoa lortu dut, pertsonaia bat gehiago izatea, Maria-Elodie binomioa nolabait aberasteko.
Beste protagonista maskulino batzuk ere badaude: Mark eta Mateo. Mateo idazlea da eta inork ez daki idazlea dela; ezkutatu egiten du bere idazkia ohe azpian. Gustuko dut idazten duen norbait sartzea nire liburuetan, ariketa metaliterario gisan. Eta gero Mark dago. Bikote nahiko bitxi baten semea da. Baserri batean bizi dira mendian eta gurasoak nahiko karikaturazkoak dira. Hor bada puntu fantastiko bat, errealismo magiko puntu hori. Asko disfrutatu dut zentzu horretan idaztean.
Eta animaliak...
Badago biologiaren eta poesiaren arteko uztarketa bat. Olagarroek amatasuna bizitzeko duten manera, esaterako. Baleak ere oso presente daude. Animalia menopausikoak dira hauek ere. Ikerketa asko egin dira honen inguruan; hor dago ‘‘amonaren hipotesia’’ deitutakoa ere.
Ez dugu liburuaren azala aipatu; deigarria eta indartsua.
Azala Pablo Casaresek egin du. Oso polifazetikoa da; orain pinturarekin dabil eta ondo ezagutzen nau. Di-da batean esan zidan, ‘hemen balea eta Betty Draper jarri behar ditugu’. Eta gero eman zion nouvelle vague ukitu bat. Ni oso gustura geratu naiz liburuarekin. Bai forma, bai tipografia...
Gustatu zaizu liburua, objektu gisa. Inpresioa da gustatu zaizula idaztea bera ere.
Ondo pasatu dudala esan dezaket. Norbere posizioa edo norbere begiak azaltzeko modu bat izan da. Azken batean horretarako idazten dut.
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
