Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
LOS TORTUGA

Dolua, migrazioa eta familia-harremanak

Mantso doa, baina irmo, bizkarrean mundu oso bat daramala. Belen Funesen bigarren film luzean dortokaren irudia metafora gisa erabiltzen da landatik hirira joandako migratzaileen istorioa azaltzeko. Pertsona hauek, iragana guztiz atzean utzi gabe, euren bizitza osoa bizkarrean zeramaten, eta fisikoki zein emozionalki lekuz aldatzen ziren; “Los Tortuga” deitzen zitzaien.

Metafora horri helduta, Jaengo olibondoen isiltasunaren eta Bartzelonako kaleen zirraren artean, doluaren, migrazioaren eta familia harremanen konplexutasunetan sakontzen duen obra ederra osatu du Funesek.

Julianen heriotzak isildu ditu etxeko bazterrak, eta Delia eta Anabel, emaztea eta alaba, bizitza berri baten atarian daude. Elkarrekin egingo diote aurre doluaren bide zailari, baina etxegabetzearen itzal luzeak haien bizitza estaltzen du; ekonomiaren oreka ahula astindu eta elkar zaintzeko ahalmena lausotu egingo da.

Amaren eta alabaren arteko lotura da filmaren muina eta istorioak doluaren bi ertzak erakusten dizkigu: Delia oldarkorra eta emozionalki zaurgarriago agertzen da; Anabelek, aldiz, jarrera neurritsuagoa eta arrazionalagoa hartzen du. Bi bide, bi isuri, galera beraren aurrean.

Migratzaileen gaia une oro presente dagoen arren, filmak etxebizitzaren egungo arazo larriari ere heltzen dio; garrasirik egin gabe, sermoirik jaurti gabe, samurtasunez, gidoia geruzaz geruza ehunduz. Zenbait pasartek jariatzen dutena hain da benetakoa, dokumentala dirudiela.

Belen Funesek begirada xume baina zorrotza darabil eta emozioei bizitzaren beraren erritmoan hazten uzten die; hitzik gabe mintzo diren begiradek eta isiluneetan gordetzen diren egia lausoek eusten diote filmaren erritmo geldo, baina tinkoari. Aparta.