Donostiako 450 saltokitako telefonoak erabilgarri izango dituzte haurrek

Donostiako Udalak eta Altxa Burua Donostia plataforma osatzen duten guraso taldeek “Gurea erabil dezakezu” kanpaina jarri dute martxan. Horren helburua gaztetxoen artean telefono mugikorren eta teknologia berrien erabilera arduratsua sustatzea da. Hiriko 450 saltokik egin dute bat kanpainarekin eta kanpoaldean pegatina bat erakutsita identifikatuta egongo dira; horrela, behar duen edozein gaztek jo ahalko du haiengana, dei bat egin behar badu.
Atzo goizean aurkeztu zuten kanpaina hori Donostian. Iñigo Garcia Hezkuntza eta Osasun Publikoko zinegotziak adierazi zuenez, «adingabeen hezkuntza digitalean partekatutako erantzukizuna ikusarazteaz gain, gure komunitatea ere indartzen du, belaunaldien arteko elkartasun sareak sortuz».
MUGIKORRAREN ERABILERA ATZERATU
Donostiako 30 ikastetxetako guraso taldeek osatzen dute Altxa Burua mugimendua, eta bi helburu jakinekin sortu zela gogorarazi zuten atzoko aurkezpenean: ahalik gehien atzeratzea lehenengo gailu mugikorra izateko adina, batetik, eta telefono mugikorren, sare sozialen eta teknologia berrien erabilera egokia bideratzea, bestetik.
Zinegotziak esan zuenez, Altxa Burua ekimenak laguntza eskatu zion Udalari «pauso bat harago emateko», adingabeak gailu mugikorren menpe egon ez daitezen eta beste baliabide batzuk izan ditzaten, norbaiti deitu behar badiote.
“Gurea erabil dezakezu” ekimenak edozein gazteri aukera ematen dio doako dei hori behar duenean eskatzeko eta erabiltzeko eta, hala, mugikorra erabili beharra saihestu. Zinegotziak esan zuenez, kultur etxe edo kirol instalaziotatik ere egin ahal izango dute.
Udalak oso ontzat jo zuen abian jarritako ekimena: «Oso modu zehatza eta polita da gazteei esateko: ‘hemen gaude, gurekin kontatu dezakezue’. Donostiako tokiko merkataritza motor ekonomiko bat baino askoz gehiago delako: zaintza sare bat da, hurbiltasuna da, erreferentzia da, komunitatea da».
Kanpainak, gainera, beste hau ere jasotzen du: ikastetxeetako tailerrak, familientzako hitzaldiak, eduki digitalak, espazio publikoetako kartelak eta ongizate digitalari, pantaila-denboraren kudeaketari eta aisialdi osasungarriari buruzko baliabideak dituzten gazte-informaziorako puntuak martxan jartzea.

«La única certeza es que el realismo de Trump nos lleva a la destrucción»

Cuatro grandes sombras oscurecen aún más la inoculación de vacunas caducadas

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales rubricó el PGOU por el que se imputa a la exalcaldesa de Zaldibar
