GARA
ZESTA-PUNTA

Euskal Selekzioa goi mailako puntistek ordezkatuko dute Nazioen Ligan

Euskal Pilota Selekzioak nazioarteko txapelketa batean debuta egingo du hurrengo astelehenean. Erkiagak, Urreistik, Lekerikak eta Lopezek ordezkatuko dute gizonezkoetan; emakumezkoetan, Barrenetxeak, Gogenolak, Goikoetxeak eta Aldazabalek.

Nazioartean ofizialki debuta egingo duen Euskal Selekzioko pilotariak, erdian Ander Bilbao hautatzailea dutela.
Nazioartean ofizialki debuta egingo duen Euskal Selekzioko pilotariak, erdian Ander Bilbao hautatzailea dutela. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Euskal Pilota Selekzioaren debut ofiziala gerturatzen ari da, eta antolatzaileek hitzordu historiko horretarako berritasunak aurkezten dihardute egunez egun. Atzo, Euskadiko Euskal Pilotako Federazioak Abadiñon daukan egoitzan, selekzioa ordezkatuko duten puntistak ezagutarazi zituzten. Goi mailako puntistek jokatuko dute Euskal selekzioaren kamisetarekin eta finalera iristeko xede garbia erakutsi dute, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan.

Puntista titularrak zein izango diren oraindik argitu gabe, gizonezkoetan Aritz Erkiaga (Ispaster, Eraman Jai Alai), Eñaut Urreisti (Mutriku, Danok Bat Pilota Elkartea), Imanol Lopez (Zumaia, Eraman Jai Alai) eta Unai Lekerikabeaskoa (Gernika-Lumo, Eraman Jai Alai) aukeratu ditu Ander Bilbao hautatzaileak. Emakumezkoetan, Berriatuko zesta-eskolako ordezkaritza zabala dago, azken urteetan egindako lan onaren adierazle: Elaia Gogenola (Berriatua, Berriatua Zesta-punta), Helena Barrenetxea (Durango, Durango Jai Alai), Maialen Aldazabal (Berriatua, Berriatua Zesta-punta) eta Maia Goikoetxeak (Berriatua, Berriatua Zesta-punta) defendatuko dute Euskadiko selekzioa.

Aipatu zortzi puntistak Jai Alai Ligan lehiatzen dabiltza; alegia, egun dagoen zirkuitu indartsuenean murgilduta daude: Aritz Erkiaga eta Helena Barrenetxea Winter Serieseko irabazleak dira; Lopez, ligako irabazlea iaz; Urreisti, rankingeko lehendabizikoa; Gogenolak lau final erdietsi ditu; Aldazabal da eskarmentu gehien daukana emakumezkoetan; eta Goikoetxea, 13 urte besterik ez dituela, atzetik aurrera datorren puntista da.

Sekulako maila espero da nazioarteko txapelketa honetan, zeinak 2026ko Munduko txapelketara sailkatzeko balio duen. Betebeharra argia da: jokatzea. Horregatik da historikoa, hain zuzen ere, Euskal Selekzioaren debut hau, ibilbidearen hasiera izango delako.

ESTATU BATUAK ETA ESPAINIA

Gizonezkoetan Estatu Batuak d,a Euskadirekin batera, selekziorik indartsuena, Sorozabal anaiekin. Eta Laduche-Basque lapurtarrek osatzen duten Frantziako taldearekin ere argi ibili beharko dute -debuta hauen aurka egingo du euskal selekzioak-. Bi multzotan banatuta daude sei selekzioak, eta bi onenek jokatuko dituzte finalerdiak. Balizko finalerdi batean, ekainaren 5ean, Euskadi-Espainia egon daitezke gizonezkoetan -Erik Mendizabal, Ruben Bailo, Gorka Mugartegi eta Cosme Aguirrek jokatuko dute talde espainolarekin-.

Emakumezkoek ere debuta Frantziaren aurka egingo dute astelehenean. Eta bi egun geroago, asteazkenean, Espainiako taldearen aurka lehiatuko dira.

Erika Mugartegi, Arai Lejardi -hauek biak izango dira titularrak- eta Lur Lejardi markina-xemeindarrak eta Gisela Ucls katalana izango dira selekzio espainolaren ordezkariak.

Talde indartsua osatu du Federazio espainolak eta, horrenbestez, goi mailako norgehiagoka jasoko du Gernikak ekainaren 4an.



Ofizialtasuna txalotu dute

Munduko Pilota Txapelketa 1990ean Kuban jokatu zen, eta han izan ziren Euskal Herriko zenbait jokalari eta zale, ofizialtasunaren aldarria hauspotzen. Atzo, azkenean, lortu izana ospatu zuten. «Bazen garaia», adierazi zuten Gernikako lehiaketaren bezperetan. «Harro sentitzen gara euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen hark gerora balio izan duelako», adierazi zuten.

Datorren astean Gernikako Jai Alai pilotalekuan arituko diren puntistei babesa eta animoak helarazteaz gain, oraindik «aldarrikatzen jarraitzeko motiboak» badaudela nabarmendu zuten. «Euskal Herriko benetako euskal pilota selekzioa» defendatu zuten, «zazpiak bat ordezkatzen duena, ukazio eta probokazio guztien gainetik».

«35 urte pasa behar izan dira aldarrikapen harekin hasitako borrokaren fruituak ikusi ahal izateko. Azkenean, zorionez, urte hauetako saiakerek eta borroka ezberdinek gerturatu gaituzte helmuga ingurura», esan zuten Donostiako Kirol Etxean egindako prentsa agerraldian. GARA