Asier ROBLES
BILBO

Izarkomek eta Goienerrek azpiegitura kritikoei buruzko eztabaida nahi dute

Itzalalditik hilabete igaro dela, Izarkom eta Goiener kooperatibek «Itzali sistema, piztu alternatibak» izeneko manifestua aurkeztu dute, eta herritarrei eta eragileei dei egin diete energia eta telekomunikazio burujabe eta iraunkorraren alde batzeko. Bide batez, bien arteko lankidetza estrategikoa sendotzeko hitzarmena sinatu dute.

Iker Garaialde Izarkomeko zuzendaria eta Erika Martinez Goienerreko presidentea.
Iker Garaialde Izarkomeko zuzendaria eta Erika Martinez Goienerreko presidentea. (Oskar MATXIN | FOKU)

Hilabete da gaur iberiar penintsula osoan itzalaldi handia gertatu zela. Arrazoi teknikoak oraindik ere argitzeke dauden arren, oso nabarmenak dira itzalaldiak eragindako ondorioak eta agerian utzitako hutsuneak. Efemeride berezia baliatu zuten atzo Goiener energia berriztagarrien sorkuntza eta kontsumo kooperatibak eta Izarkom telekomunikazio operadore kooperatiboak “Itzali sistema, piztu alternatibak” izeneko manifestua aurkezteko.

Erika Martinez Goienerreko presidenteak eta Iker Garaialde Izarkomeko zuzendariak Bilbon kazetariekin egindako topaketa batean azaldu zutenez, apirilaren 28an izandako itzalaldiak egungo sistemak pairatzen dituen «ahultasunak eta dependentziak» bistan utzi zituen. «Hau ez da arazo puntual bat izan, irabaziak maximizatu beste helbururik ez duen sistemak eragindako akatsa baizik. Etekin ekonomikoa jendartearen eta planetaren gainetik jarri izanak ondorio latzak ditu; batzuk epe motzekoak eta kolpeka datoz; beste batzuen kasuan, aldiz, epe luzera sumatuko ditugu ondorioak», azaldu zuten.

Bide horretan, gogorarazi zuten energia eta Internet hornidura izatea oinarrizko giza eskubidea dela «eta hezkuntzan edo osasungintzan ez bezala, tamalez, erabat barneratuta dugula zerbitzuok enpresa pribatuen bidez jasotzea». Horregatik, beharrezko ikusten dute azpiegitura kritikoak noren esku dauden eta nola funtzionatzen duten ezagutaraztea eta eztabaida piztea.

«Argi daukagu energia eta telekomunikazioen sistema erresilienteago bat eraiki behar dugula, interkonektatutako -baina, aldi berean, deszentralizatuagoak diren- eredu iraunkorragoak sustatuz. Administrazioetatik azpiegitura zein banaketa publikoa bermatzen ez den bitartean, enpresa egitura, kooperatiba eta sare komunitarioak sortu eta babestu behar ditugu. Baliabideak kolektibizatzea da gaur egun dugun aukera, boterea gutxi batzuen esku gera ez dadin eta erabilera arduratsua zein iraunkorra bultzatzea ahalbidetuz. Horrela, erabaki eta esku hartze ahalmena zabaltzen dugu, antolakuntza eredu gardenago eta demokratikoagoak sortuz», aldarrikatu zuten.

Era berean, instituzioei dei egin zieten «mendekotasuna gainditzeko burujabetza eta jasangarritasuna oinarri duten neurri eta politika aktiboak sustatzeko».

«Herritarrok, gizarte eragileok, erakunde publikook eta kooperatibok elkarrekin egin behar dugu bidea, trantsizio ekosoziala helburu, alternatiba sendoak eraiki eta beste itzalaldi baten arriskua eragozteko», nabarmendu zuten.

LANKIDETZA ESTRATEGIKOA SENDOTZEKO HITZARMENA

Atzoko agerraldia lankidetza estrategiko sakonago bat bultzatuko duen hitzarmena sinatzeko ere baliatu zuten Izarkomek eta Goienerrek. Bi kooperatibetako ordezkariek azaldu zutenez, hitzarmenaren bitartez betidanik bi erakundeek izan duten elkarlanari «marko» bat emango diote eta, besteak beste, bakoitzaren azpiegiturak partekatuko dituzte eta dibulgazio ekintzak garatuko dituzte elkarrekin.

Garaialderen hitzetan, «kooperatibek elkarren beharra dute eraldaketa ekosozialaren bidean». Era berean, Martinezek, «bidelagun onak aurkitu eta zaintzeak» duen garrantzia azpimarratu zuen.

Ildo horretatik, energia eta telekomunikazioen sistema erresilienteago bat eraiki beharraz hitz egin zuten biek, eta herritarrei gogorarazi zieten «ezinbestekoa dela gure kontsumo ohiturak aldatzetik hastea».

Agerraldia amaitzeko, Martinezek eta Garaialdek ekainaren 19an bi kooperatibek eskainiko duten hitzaldiaren berri eman zuten. Arratsaldeko seietan izango da Goienerren Bilboko egoitzan. Gainera, dei egin die Euskal Herriko norbanako eta eragile guztiei, manifestu kolektiboarekin bat egitera.