Andrea IBARRA
BAIONA

Seaskak postuetan oren gehiago lortu ditu negoziazioaren bidea irekita, baina «ez aski»

Seaskak atzo jakinarazi zuenez, Jean-Marc Huart Bordeleko Akademiako errektorearekin bildu ondotik, heldu den ikasturterako irakasle postu berriak emanen dizkiete, baina ohartarazi du ez direla aski euskarazko murgiltze eredua bermatzeko. Hala, ondoko urteetarako negoziazioak zabalik dira.

Azterketak euskaraz egitearen inguruan «aitzinamenduak» agindu zituen Bordeleko Akademiako errektoreak.
Azterketak euskaraz egitearen inguruan «aitzinamenduak» agindu zituen Bordeleko Akademiako errektoreak. (Guillaume FAUVEAU)

Jean-Marc Huart Bordeleko Akademiako errektoreak astelehenean ikastola bat bisitatu zuen lehen aldiz, eta harekin bildu ondotik Seaskak atzo jakinarazi zuen irakasle postuak osatzeko orenak lortu dituela. Alta, argi utzi zuen horrek ez dituela erabat asetzen dituzten beharrak.

Hain zuzen, «Parisek eman dizkigun kolegioko bi dibisioak osatuko ditu errektoreak, bakoitzean lau oren emanez», erran zuen ikastolen federazioak. Alta, beharretan den hirugarren dibisiorako, 20 oren gehituko dituela iragarri zuen Bordeleko Akademiako ordezkariak, «nahiz eta 20 oren ez diren aski hirugarren dibisio bat irekitzeko beharrezkoak diren 33 oren betetzeko», Seaskaren erranetan. Zehazki, lortutakoak ez dira postu finkoak, baizik urteko oren gehigarriak (HSA), eta federazioak argi utzi zuen: heldu den urteko antolaketa lantzen hasteko baliagarriak dira, baina ez dute benetako beharra estaltzen.

Seaskak oroitarazi zuen aurten ez direla kolegioen hazkundearekin loturiko behar guztiak estali eta datorren urteko aurreikuspenak are handiagoak direla: «2026ko ikasturterako kolegioetan lau dibisio gehigarri beharko ditugu eta lizeoan, bat eta erdi». Gainera, bigarren lizeo bat ireki beharko litzateke 2027an.

Joan den ostiralean eginiko danborrada erraldoian parte hartu zuten milaka herritarrei eskerrak eman eta «negoziaketarako aldia» irekitzen dela iragarri zuen Seaskak.

Izan ere, maiatzaren 23ko manifestazioan milaka lagun bildu ziren Seaskaren deialdiari erantzunez, eta bertan, Erik Etxartek, Seaskako lehendakari kideak, gogor salatu zuen Parisek emandako erantzun berantiar eta eskasa: «Aitzinatu behar dugun garaian, gibelka bultzatzen gaituzte».

AZTERKETAK EUSKARAZ

Hala, azterketak euskaraz egiteko eskaeraren gaia ezarri da mahaian. Astelehenean Angeluko ikastolan izan zen errektoreak Seaskako arduradunei iragarri zien heldu den astean lehen bilkura tekniko bat eginen dutela Bordelen, Pariseko Ministerioko zerbitzuekin, gai hori lantzeko. Azaldu dienez, aurtengo baxo azterketarako berantegi izanen da; ikastolen ordezkarien erranetan, «ondoko urteetarako urratsa izatea espero dugu. Aurten, iaz bezala, ahozko handia euskaraz egiteko aukera eskainiko duten irakasle guziak babestuko ditugula adierazi diogu».

Seaskak exijitu zuen 2022tik iraungia den hitzarmena berriz negoziatzea Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) eta Hezkuntza Ministerioarekin. «Lehen mailetan ezinbestekoak ditugun euskarri postuak hitzarmenean agerrarazteko formulak adostera ere engaiatu da errektorea», erran dute. Negoziazioaren bidea pozgarria izan arren, lanean jarraituko dute.