Bengoetxea: «Aukera asko galtzen ditugu azpifinantzaketarengatik»
Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea Gasteizko Legebiltzarrean izan zen atzo, 2025-2031 seiurtekorako dituen lan ildo nagusiak azaltzen. Finantzaketaz hitz egiteko ere baliatu zuen agerraldia. Unibertsitatearen markaren itxura berriaz mintzatu zen.

«Gure azpifinantzaketarengatik aukera asko galtzen ditugu, baita dugun laguntza tekniko eskasagatik ere. Asko hobetu liteke», hala adierazi zuen EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak atzo Legebiltzarrean. Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Batzordean izan da Estitxu Garai, Bizkaiko Campuseko eta Komunikazioko errektoreordearekin batera, «50.000 kidek osatutako komunitate baten izenean».
Bengoetxeak EHUk 2025-2031 seiurtekorako dituen lan ildo nagusiak, lehentasunak eta premiak aurkeztu zituen, eta unibertsitate publikoaren alde mintzatu zen. «EHUren alde apustu egitea euskal unibertsitate sistema osoaren eta gure gizartearen aurrerabidearen alde apustu egitea da», nabarmendu zuen, eta argi utzi zuen «unibertsitate pribatuaren ugaltzeak» kezka sortzen diola, «azken batean, unibertsitate publikoekin alderatuta askoz ere baldintza samurragoak dituztelako».
EHUk denen «laguntza eta babesa» behar duela esan zuen, eta eskatu zuen Lakuako 2026rako aurrekontu proiektuak «aintzat hartzea denon unibertsitatea», «autonomia eta kalitatea bermatzeko», %1eko helburua goraipatuz. «Gure aldetik dena emateko prest gaude, finantzaketaz harago», adierazi zuen, gobernantza ireki eta parte hartzailea defendatuz.
ORDEZKOEN ETORKIZUNA
Errektoreak azaldu zuen haren lantaldeak ehun eguneko epemuga gainditu duela. «Oso pozik» dago, «garrantzitsuak diren aurrerapauso batzuk eman ditugulako», ordezkoen kolektiboarekin lortutako akordioa azpimarratuz. Datorren ikasturtetik aurrera ordezkoak lanaldi osoan kontratatzeko aukera izango da, eta 200 lagun ingururi eragingo die.
Etorkizunari begira dituzten erronkak ere azaldu zituen. Haietariko bat etxebizitza faltari aurre egitea da. Horretarako, EHUk egoitza berriak egingo ditu Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Halaber, «zaintza integraleko zerbitzua» martxan jarriko du; eta handitu egingo ditu Medikuntza graduan eskaintzen dituen plazak, 16 plaza gehiago ikasturte honetan. Horrekin batera, epe ertainera begira, Odontologia Klinika sozialaren proiektua aipatu zuen.
Euskal Unibertsitate Sistemaren legeari buruz ere jardun zuen: «Ezinbestekoa izango da pentsatzeko nolako unibertsitatea nahi dugun, eta zein sistema behar duen gure gizarteak unibertsitate sisteman lidergoa bermatzeko». Ezinbestekoa da «nahikotasun finantzarioa izatea eta unibertsitatearen autogobernua eta kudeaketa autonomia ahalbidetuko eta babestuko dituen legedi egokiak izatea».

Un ertzaina fue jefe de Seguridad de Osakidetza con documentación falsa

Un esquiador de Irun, entre los tres fallecidos por un alud en Panticosa

Aerosorgailu bat zure esne kaxan

Elogio de las puertas giratorias entre el trabajo privado y el político
