Errauts azpian galdutako ahotsak

Nevado del Ruiz izeneko sumendiaren erupzioak, (1985. urtean) Kolonbiaren historiako tragediarik handienetako bat eragin zuen. Jenifer de la Rosa (dokumentalaren zuzendaria) izan zen bizirik irten zen haurretako bat, baina adopzioan eman zuten herrialdetik kanpo. Hogeita hamar urterekin bihotzean dardarka daraman zalantza bati jarraiki, bere sustraien bila abiatu da. Berriz piztu nahi ditu memoria eta pasarte isildua, “Hija del volcán” dokumentalean.
Bere kontakizun pertsonaletik abiatuta, esperientzia unibertsal baten isla izan nahi du lan honek: munduan barrena sakabanatutako adopzioen errealitatea. Itxaropenak eta erantzunen bilaketak bultzatuta, beren iraganeko mamuak, literalak zein sinbolikoak, jazartzeari inoiz uzten ez dioten pertsonak.
Zuzendariak bere bihotzeko ateak irekitzen dizkio ikusleari, adoptatutako haur batek jasaten dituen zauri sakonenak helarazteko. Adopzio horietako batzuk legez kontrako prozesuen bidez egin ziren, eta, horren ondorioz, adingabe asko ez ziren herrialdeko beste senide batzuen zaintzapean geratu, hala izan behar zuen arren.
Filmaren muina artxibo irudiek, elkarrizketek eta testigantzek osatzen dute, eta iraganaren eta orainaren arteko zubi dira. Jenifer de la Rosak, ahots lauso baina tinko batez, azaltzen du nola kaosaren erdian, hondamendiaren hautsean, haur askok gurasoen besarkadak galdu zituzten eta behar bezalako prozesurik gabe, isiltasunean, adopzioaren bide bakartian desagertu ziren.
Errealizazio xumea erabiliz, erritmo geldoaren arnasa eta eskuko kameraren hurbiltasuna lagun, filmak isiltasunaren indarrean aurkitzen du bere ahots propioa. ‘‘Gutxiago gehiago da’’; horretan datza obraren gakoa.

GARA es segundo en Gipuzkoa y NAIZ sigue creciendo con fuerza

«Goonietarrak», 40 urte: bihotzeko ganbaran gordetako altxorra

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak
