Peli LEKUONA
DONOSTIA
Entrevue
PERNANDO BARRENA
EH Bilduko europarlamentaria

«Euskararen ofizialtasuna ez onartzea borondate kontua da»

Europako Batasunean euskara, katalana eta galegoa ofizialak izateko eskabideari buruzko bozketa atzeratu egin zuten, ikusirik aho batez ez zela onartuko. Lasaitasunez oztopoak gainditzeko deia egiten du Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentariak.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

 

Euskara, katalana eta galegoa Europan ofizial bilakatzeko bozketa atzeratu egin da. Proposamenak ez du behar beste babes lortu oraingoz. Pernando Barrena EH Bilduko europarlamentaria NAIZ Irratian izan zen atzo. Argudio gisa arazo teknikoak eta ekonomikoak jarri zituztela adierazi zuen, baina ez dela egia. Lanean jarraitzeko deia egin zuen.

Zer gertatu da ofizialtasunaren bozketan?

Azkeneko asteetan dena oso lasai zegoen, baina azkeneko unean Alderdi Popularrak sustatu duen ofentsiba etorri da. Hala, eraman ditu estatu batzuk hainbat kontu azaltzera, hainbat kezka, eta oraindik erabakia hartzeko moduan ez dagoela esatera. Hori gertatu da, erabilera politiko bat. Izan ere, ez da lehenengo aldia gai hau Europako Kontseiluaren afera orokorretako batzarrean tratatzen dena.

Nik esango nuke alderdi teknikoak eta ekonomikoak sortzen dituzten kezkak nahiko konponduta daudela. Eta, beraz, orain borondate politiko kontu bat da. Denok argitu behar ditugu agertu diren kezkak, baina bereziki Estatu espainolaren lana da estatu horietako ordezkariekin bildu eta eskaerak duen sendotasuna azaltzea, eskaerak duen oinarri legala. Argitu behar du beraientzat ez duela inolako kalterik suposatzen. Bide horri ekin behar diogu. Oraindik Poloniako presidentetzako azkeneko batzar bat falta da, eta, ekainean ez bada, uztailean Danimarka dator. Eta Danimarkarekin egin beharko da. Ez gaitezen urduri jarri.

Zer nolako argudio eta kontra argudioak eman dira?

Kezka desberdinak entzun ditugu. Batetik, kostua oso altua izan daitekeela, eta abar. Argi dagoena da Espainiako Gobernuak hitza eman duela bera arduratuko dela kostu hori estaltzeaz. Beraz, gainontzeko estatuei ez die eragiten. Hainbat traba tekniko sortu daitezkeela ere argudiatu dute. Parlamentuan, adibidez, gaur egun 24 hizkuntza erabiltzen dira bat-bateko interpretazioan, eta beste hiru sartzea izango litzateke. Arazo tekniko bat suposatzen du, baina une honetan Europako Parlamentuan konpontzen ari da.

Europako Batasunean sartzeko hamabi bat hautagaitza berri daude. Estatu horiek sartzen badira, bakoitzak ekarriko du bere hizkuntza, eta zailtasun teknikoak ekarriko ditu, baina horregatik ez ditugu Europako Batasunean onartu gabe utziko. Gainera, une honetan adimen artifizialeko sistemak erabiltzen hasiak dira bat-bateko itzulpenak eskaini ahal izateko.

Beraz, arazo horiek gaindituta daude, eta hortik aurrera esango nuke posizio legala oso sendoa dela eta bakarra dela Europako Batasun osoan, euskara, katalana eta galegoa Estatu espainoleko konstituzioan badaudelako. Beste batzuetan argudiatu izan da hiztun komunitate txikiak garela, baina momentu honetan badira ofizialak diren hizkuntzak, gurea baino hizkuntz komunitatea txikiagoa dutenak. Malta, Irlanda edo Suedia izan daitezke adibideak.

Argudioak argi daude. Zergatik sartu da Alderdi Popularra dena hankaz gora jartzera? Agerian utzi nahi izan dute zein den beraien benetako proiektu politikoa: ez dute sinesten aniztasunean.

Beste bozketa bat aurreikusita dago. Hor euskara onartzea erabakitzen bada, zein izango dira ondorioak?

Erabaki horrek ekarriko luke euskarari orain arte eman ez zaion babes bat ematea.

Praktikan, esate baterako, Europako Batasunean hizkuntza ofiziala izanez gero, herritarrek eta Euskal Herriko edozein erakundek harremana euskaraz eduki dezake Europako instituzioekin eta erantzuna ere euskaraz izatea eskatu dezake.

Hizkuntza ofizialen zerrendatik abiatuta, gauza oso praktikoak ekarriko lituzke. Altzari bat erosi eta muntatzeko instrukzioak euskaraz agertu beharko lirateke, adibidez. Botiketako produktuen prospektuak ere derrigorrez izan beharko luke euskarazko azalpena.

Hortik kanpo geratuz gero, zailtasun handiak datoz. Adimen artifizialaren datu base erraldoian sartu behar dugu. Nabarmena da euskarari emango liokeen kategoria, eta baita hizkuntz komunitatearen autoestimua ere. Faktore inportanteak direla uste dut.

Euskararen aitortza ofizialak ekarriko luke Euskal Herriaren ikusgarritasuna areagotzea?

Baietz iruditzen zait niri. Hizkuntzaren ikusgarritasuna askoz handiagoa izango litzateke. Eta baliagarria izango litzateke Euskal Herrian oraindik ere estatus ofizial hori aitortua ez den hainbat eremutan, euskarak ikusgarritasuna irabazi eta hizkuntza normalizazioaren bidean posizioak irabazteko.