Nagore Belastegi
URDUÑA
Entrevue
Enartze Larrakoetxea
Urduñako Herri Eskolako zuzendaria

«Herriaren babesa eskertu nahi genuen, beti hor egon delako»

Enartze Larrakoetxeak ardura handia du gaur, berak zuzentzen duen eskola delako anfitrioia. Festa prestatzeko, duela 30 urte eskola sustatu zutenekin elkarrizketak egin zituzten; horietako asko eskolako aitita eta amamak dira eta nola bizi izan zuten kontatu dute. Herri Eskolan ilusio horrekin jarraitu nahi dute, hori zor dietelako.

Jaizki fontaneda  FOKU
Jaizki fontaneda FOKU

 

Zeintzuk dira prestatu duzuen festaren oinarriak?

“Lurra, herria, eskola. Errotu” leloa aukeratu genuen eskola herriak egin zuen aldarrikapen bat izan zelako sorreran. Urduñak ez zuen eskola publikorik eta ikusten zen eskola publiko baten beharra, euskalduna eta laikoa. Herria elkartuz eta manifestazioekin lortu omen zuten.

Errotu, eskola badagoelako herrian errotuta, eta badugulako komunitate sendo bat. Eskolako langileak eta gurasoak eskutik helduta goaz. Udaletxe desberdinak ere egon dira, eta tokatu denean udalera jotzea edozertan laguntza eskatzera, hor egon dira. Aurten hori ospatzeko gogoa genuen, eskertzeko, herria hor egon delako beti.

Zein egoeratan dago zuen Herri Eskola?

Espazio falta sumatzen dugu. Beste zona batzuetan jaiotza tasak behera du, eta baliteke hemen ere hala izatea, baina matrikulek gora egin dute, eta, lerro bakarreko ikastetxea bada ere, baditugu hainbat maila bi taldetakoak. Espazio komunak taldeak sartzeko erabiltzen ari gara.

Hemen 2 urterekin sartzen dira (HH2) eta LH6ra arte (12 urte). DBH egitera Amurrioko institutura joaten dira. Herrian badago haur eskola ere; beraz, ibilbide osoa sare publikoan egin nahi izanez gero, badago aukera.

Nola ikusten duzue euskararen egoera Urduñan?

Egoerak arduratzen gaitu. Ezagutza, gaur egun, denek dute, baina erabilera bestelakoa da. Hainbat faktore daude jokoan, eta egia da erabilerak oso lotsati egiten duela gorantz. Garai batean ez zen ezertxo ere entzuten euskara kalean, eta orain norbait entzun dezakezu. Oro har, kezkagarria da, eta horrek eskatzen duena da lanean jarraitzea. Eskualde mailan badago Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua, eta horretan parte hartzen dugu eskola bezala. Ea elkarrekin bultzada handiago bat eman ahal diogun.

Eskolak ba al du epe laburrera proiektu berririk?

Eraldaketa metodologiko handi bat hasi dugu eta irakasleak horretan trebatzeko formakuntzak lotu ditugu datorren urterako. “Ekosistemak” sortu ditugu eta orain irakasleok haurren ikasketa eta garapen prozesuak laguntzen ditugu. Guk prestatzen ditugu espazioak eta materialak, eta haurrek aukeratzen dute momentu bakoitzean zertan aritu nahi duten. Horrela aritzen dira Haur Hezkuntzan, eta Lehen Hezkuntzan pixka bat egoten dira proiektuak egiten, talde osoan, eta beste tarte batzuetan badaude “zirkulazio librea” deitzen diogun horretan, non espazio batetik bestera mugitu daitezkeen, duten interesaren arabera. Adin desberdinak ere nahasten dira.

Zeintzuk dira, zure ustez, Euskal Eskola Publikoaren erronka nagusiak?

Eskola publikoak bere alde apustu egitea behar du, badelako familia guztietara iristen den sare bat. Heldu berriak, bere egoera edozein dela ere, lekua izan behar du, publikoa den heinean. Eta horretarako baliabideak behar ditu eskolak; giza baliabideak eta ekonomikoak.

Atzera begira, esango nuke formakuntzan atzerapauso bat eman dugula. Egun dagoen sistemak ez gaitu asebetetzen. Bestalde, ratioak hobetu beharreko zerbait dira. Uste dut irakasleek haur gutxiago izan beharko lituzketela benetan kalitatezko irakaskuntza prozesu bat eskaintzeko.