Maider IANTZI
DONOSTIA

500 hilotz Alderdi Ederren, Palestinako mina eta ezina bukatzeko deiadarra

Donostiatik giza irudi indartsua bidali zuten Palestinara eta mundura.
Donostiatik giza irudi indartsua bidali zuten Palestinara eta mundura. (Jon URBE | FOKU)

Igande eguerdi grisean milaka herritar elkartu ziren Donostiako Alderdi Ederren, Gernika-Palestinaren deiari erantzunez, Palestinara elkartasun deiadar bat bidaltzeko. Giza irudi indartsu bat osatu zuten, munduari erakusteko euskaldunok palestinarrekin gaudela, Israel egiten ari den genozidioa gaitzesten dugula eta hildako palestinarrak gure hildakoak ere badirela. Hala azaldu zuten antolatzaileek, eta jendea lurrean lerroz lerro jarritako 500 izaren aitzinean jartzera gonbidatu zuten. Banan-banan kokatu ziren, palestinar bandera, zapi, ikurrin eta CAF enpresak Palestinako okupazioan duen inplikazioa salatzen zuten kartelen artean. Ehunka lagunak maindireen gainean etzan eta barrenean bildu ziren, izara itxiz, hildakoak irudikatzeko.

Gernikako sirenak jo zuen, eta minutu bateko isilunea izan zen jarraian, hildako palestinarren omenez. Hotzikara dator, min hau eta ezin hau bertan izan zitekeela sentitzean. Hotzikara dator, min hau eta ezin hau hemen ere izan zela oroitzean, Gernikak irudikatzen duen bezala. Hotzikara dator, palestinarrak elkartasunagatik hunkitzean.

Zein ariketa ona haien azalean jartzeko, «eten min hau, eten ezin hau, eten gosea, eten infernua, eten sarraskia, eten genozidioa, eten harremanak Israelekin» oihukatzeko, «Palestinak justizia eta bakea behar dituelako», Martxelo Otamendik eta Nekane Balluerkak irakurri zutenez. Neurri zehatzak eskatu zituzten; lehena, Israel esparru guztietan isolatzea, eta nazioarteak babesturiko konboi humanitario diplomatikoa abiatzea.

SOL BAND ETA EÑAUT ELORRIETA

Sol Band banda gazatarrak bonben mehatxupean sortutako kantuetako bat eskaini zuen, erabat hunkigarria. Segidan Eñaut Elorrieta gernikarrarekin batera abestu zuen “Gernika-Gaza” kantuaren bertsioaren adinakoa.

Iruñean ere mobilizazioa egin zuten, Yala Nafarroak eta BDZ Nafarroak antolatuta, gobernuei Israelekin erabat puskatzeko exijitzeko, «maila guztietan». Milaka lagun elkartu ziren. Baluartetik Nafarroako Jauregira arteko bidea egin zuten manifestazioan, kalez kale bandera palestinarrak zabalduz eta Israelentzat boikota eta zigorrak exijituz.