Euskal Herri osoa ordezkatuko duen selekzioa aldarrikatu dute Gernikan
Euskal Herriko Pilota Konfederazioak eta Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioa Bai ekimenek deituta, mobilizazioa egin zuten atzo Gernikan.

Astelehen honetan Euskal Selekzioaren historiako kapitulu berri bat idatziko da: ofizialki, pilotan -zesta-puntan kasu honetan- nazioarteko txapelketa batean lehiatuko da. Urrats historikoa egin da eta, hargatik, Euskal Herriko Pilota Konfederazioak eta Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioari Bai ekimenek «ongietorri» egin diote igande honetan Gernikan egindako mobilizazioan, txapelketaren lehendabiziko jardunaldian.
Hala eta guztiz, ohartarazi dute oraindik ere badagoela zer landu, borroka ez dela amaitu. «Lortutakoarekin pozik eta harro sentitu arren, ezin dugu ase sentitu, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoako euskal pilotariek, egun, ezin dutelako parte hartu onartutako euskal selekzio honetan», adierazi dute Amaia Larraldek eta Ekhi Ziarrustak irakurritako komunikatuan.
Horregatik, hain zuzen, Nazioen Ligaren hasiera baliatu nahi izan dute, Euskal Herriko zazpi lurraldeek bat egingo duten selekzioa aldarrikatzeko, urratsak egiten jarraitzeko. Aipatu selekzioaren onarpena bidearen hasiera besterik ez dela esan zuten: «Gaur hemen aldarrikatzen ari garena ez da inolako inposaketa, gure anai-arreben borondatea onartzea baizik. Argi dugulako zatiketa ez dela soluzioa, eskubide zanpaketa baizik».
Euskal selekzioarekin arituko diren zortzi puntistez gainera, AEBrekin, Frantziarekin eta Espainiarekin arituko dira beste 14 euskal herritar, eta horietatik zazpi Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko puntistak dira (Sorozabal anai-arrebak, Laduche, Basque, Tambourindeguy, Xana Gonzalez eta Ruben Bailo); alegia, azken hauek ez dute euskal selekzioarekin aritzeko aukerarik izan -gero, batek daki, zein hautu egingo luketen-.
Gaur goizean Gernikako mobilizazioan aipatutako xedeak ohartarazteaz gain, Nazioarteko Pilota Federazioari ere beraien «esker ona» helarazi die, batez ere bertako presidente Xabier Cazauboni. «Bere jarrera irekiarekin aukera eman du, orain dela 35 urte Kuban hasitako aldarrikapenaren zati bat onartua izan dadin. Laster espero dugu Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeak batuko dituen benetako selekzioa ofiziala izatea. Hori baita herri hau osatzen dugun euskal herritar gehienen nahia eta ametsa».
Euskal Selekzioa Orain ekimenaren bide beretik doaz aldarrikapenok. Dinamika hau urte honen hasieran aurkeztu zuten, pilotari batzuek Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari uko egin ziotenean.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
