Jokin Altuna, Buruz Buruko txapelduna eta Amezketan profeta
Igandean herrian amezketarren omenaldia jaso eta gero, Altuna nekatuta eta pozarren zen Buruz Buruko bere laugarren txapelarekin. Igandekoa bere ibilbideko hamaseigarren final handia zen, baina badu goserik bere maila erakusten jarraitzeko.

«Izar berri bat piztu da Euskal Herriko zeruan». Amezketako sarreran pankarta oraindik bistan zen astelehen goiz ez horren goibelean. Jokin Altunak igandean erakutsi zuen txapeldun handi bat, markagailuan agintzen ari dela ez ezik, galtzen ari denean bistaratzen dela batik bat. Igande gauean bertan harrera egin zioten herriko semeari laugarrenez Buruz Buruko Txapelketa irabazi eta ordu gutxira, eta astelehen honetan berriz ere gogoan izan zuen kazetarien aurrean Artolaren aurka erdietsitako garaipena.
Nekea, gorputza gogortuta eta atseden beharrean, baina pozarren, halaxe azaldu zen Jokin Altuna herritarren aurrera, urteko txapelik preziatuena jantzi berritan. «Nekatuta nago oso. Oraindik ordu gutxi pasatu dira, eta bart ospakizun ederra egin zidaten herriko plazan. Berandu hasi genuen eta nahikoa berandu bukatu. Baina, gorputza nahikoa kargatuta nabari badut ere, nik uste irabazita azkarxeago errekuperatuko naizela», iritzi zion Altunak.
Esan gabe doa igandean egindako balentriak pisu handia kendu ziola Altunari. Ez faboritoa zelako edo 15-19 atzetik ibiltzea egokitu zitzaiolako, baizik eta bere lagun min Joseba Larreta ‘Latu’ hil berriari eskaintzerik izan zuelako. Garaipen guztiekin poztu izan da Amezketako aurrelaria, baina gutxitan hunkitu da horrenbeste igandean 22ra iritsi zenean baino.
ZENBAKIEZ HARAGO
Ezin da pilotari batek egin duena -itzela izanagatik- zenbaki hutsez neurtu, baina historiako laugarren pilotaria da, jokatu dituen final kopuruari begiratuta. Aimar Olaizolak 26 final jokatu zituen, Julian Retegik baino bat gehiago eta Juan Martinez de Irujok baino hiru gehiago. 16 «bakarrik» jokatu ditu Altunak, baina dagoeneko bederatzi txapel zakuratu dituen pilotariak -launa Buruz Buru frontoi osoan zein Lau eta Erdian, eta bat Binaka- badu oraindik astia eta handinahia gehiago lortzeko.
«Nire ustez Binakakoa da txapelik zailena, eta, era berean, alderik handiena hantxe markatzen dut», azaldu zuen Altunak.
Finalari errepasoa egiten hasita, «sakea berreskuratzeari» eman zion garrantzirik handiena. «Oso zail ikusten nuen, baina inoiz ere ez galduta. Hasieran eskuan ez zitzaidan pilota behar bezala sartzen eta, ezker paretara baztertzen hasita ere, ez nion min handiegirik egiten. Buruan sakea berreskuratzea nuen. Markagailuari buelta ematekotan, banekien sakearen bidez izango zela. Bukaeran ez diot aukerarik eman, horri eskerrak», laburbildu zuen Altunak, «finalean partida asko» jokatu zirela iritzita.
Torremolinosen egingo ditu errekuperatzeko lanak, Ander Murua pilotari lagunarekin batera haraxe joan baita Altuna III.a. Hilaren 10ean Bergaran estreinatuko du Buruz Buruko Txapelketa laugarren aldiz irabazi izana, bigarrena jarraian. Alegia, Aimar Olaizolak 2012 eta 2013an kateatu ostean, amezketarra aurreneko pilotaria da Buruz Buruko Txapelketa birritan irabazten.
Hala ere, ba omen du hobetzeko tartea. Eta hor Jokin Etxanizi eman zion meriturik handiena. «Jokinekin zortea daukat, irabazi edo galdu, beti lanean zentratzen delako. Galdutakoan beti ohar positiboren bat egiten dizu, eta irabazitakoan ere badakit ez zaidala txorradetan hasiko», amaitu zuen amezketarrak. Izan ere, irabazteko gosea dauka Altunak, berriz ere herrian profeta izateko.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
