Tecnaliak euskaraz jarduteko gai den robota garatu du Orai-rekin
Tecnalia I+G+Bo ikerketa aplikatuko zentroak eta Orai adimen artifizialeko zentroak robot industrial aitzindaria garatu dute. Langileekin euskaraz jarduteko gai da eta, horren arabera, bere burua modu autonomoan konfiguratu dezake. Atzo aurkeztu zuten BECen.

Tecnaliak, Orai zentroarekin elkarlanean, euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan elkarreraginean jarduteko gai den robot industrial aitzindari bat ezagutarazi zuen atzo BECen erakustaldi batean.
Atzo azaldu zutenez, langileekin jarduteko eta, horretan oinarrituta, bere burua modu autonomoan konfiguratzeko gai den robot honen euskarako bertsiorako Orai NLP Teknologiak-ek garatutako bi teknologiaren laguntza izan du: ASR (‘Automatic Speech Recognition’ edo transkripzio automatikoko teknologia) eta TTS (‘Text To Speech’ edo hizketaren sintesia).
Tecnalia roboten, kontrol industrialen, makina-erreminten eta beste plataforma batzuen arteko interakzio naturalagoa ahalbidetzen duten teknologiak garatzeko lanean ari da.
Horrela, edozein langilek, bai eta ezagutza teknikorik eta programazio esperientziari ez dutenek ere, robota konfigura dezake askotariko zereginak egin ditzan, azaldu zutenez.
Hizketa teknologiak eta teknologia sortzaileak konbinatuz, eraldatu egin daiteke makinen eta gizakien arteko interakzioa eta makinak gure beharretara egokitzeko modua. Aurrerapen horiek interakzio modu berriak sortzen dituzte, adibidez, ahots bidezko elkarrizketa naturala.
Honako hau esan zuen Unai Anterok, Tecnaliako Interakzio Areagotuko Fokuko arduradunak: «Enpresa teknologiko handiek hizkuntza nagusietako —hala nola ingelesezko— adimen artifizialeko sistemak entrenatzeko erabiltzen dituzte baliabide gehienak, eta horrek desabantaila nabarmena dakar hizkuntza gutxituentzat, esate baterako, euskararentzat».
Bestalde, honakoa esan zuen aurkezpenean Oraiko Hizketa Teknologien arduradun Igor Leturiak: «Guretzat harro egotekoa da robot industrial aitzindari honek gure teknologia erabiltzea. Eta, gainera, garrantzitsua da gure teknologia azoka horretan ezagutaraztea, fabrikazio adimendunari eskainitako Estatu espainoleko topagunerik handiena baita; hortxe erakusten dira automatizazioaren eta robotika industrialaren arloetako azken aurrerapenak».
Moreno y Lisci, dos trayectorias de menos a más en Osasuna

«Elektronika zuzenean eskaintzeko aukera izango dugu orain»

«Gizarte aldaketa handi bat» eskatu du euskararen komunitateak

ASKE TOMA EL TESTIGO DEL HATORTXU EN ATARRABIA
