Alaia SIERRA
TREBIÑU

Trebiñu Araban integratzeko «organo bizia» izan asmo duen lan mahaia sortu dute

Mahaia osatzen duten ordezkariak, atzo.
Mahaia osatzen duten ordezkariak, atzo. (Endika PORTILLO | FOKU)

Trebiñu Araban integratzeko lan mahaia sortu dute Trebiñuko eta Argantzongo zenbait zinegotzik, Agrupacion Independiente Condado de Treviñoko, EAJko eta EH Bilduko ordezkariek, hain zuzen. Integrazio administratiboa lortzeko ekintza guztien lankidetza, kontraste, hausnarketa, erabaki-hartze, koordinazio eta baterako jarraipena egiteko ardura izango du organoak.

Hala azaldu zuten, mahaiaren inguruan ondu duten araudia sinatu baino lehen, atzo Trebiñun egindako prentsaurrekoan. Sinatzaileak Pablo Ortiz de Latierro eta Ritxar Astegieta (EH Bildu), Yolanda Urarte eta David Dulanto (Agrupacion Independiente Condado de Treviño) eta Eulalia Salmon eta Arantza Yarza (EAJ) izan ziren.

Beste sentsibilitate politiko batzuk batu ahal izango zaizkion «organo bizia» izan dadin nahi dute; «ziur baikaude Trebiñuko Enklabea Arabako Lurralde Historikoan integratzearen alde lan eginez bakarrik bermatu ahal izango dugula gure bizilagunak ez sentitzea kaltetuak gure auzokideen borondateari erantzuten ez dion egoera politiko eta administratibo arkaiko honengatik», azaldu zuten.

Bost eginkizun nagusi izango ditu mahaiak. Batetik, enklabearen egoera orokorra eta udalerrien egoera administratiboak «egindako mota guztietako bidegabekeriak» aztertuko dituzte, betiere udalerrien arteko lankidetza bermatuz. Bigarrenik, Araban integrazio eraginkorra lortzeko planak eta proiektuak egingo dituzte. Gainera, erakunde eta gizarte eragile guztiekin lankidetza bultzatuko dute, bai eta elkarrizketa koordinatua egin ere. Azkenik, herritarren parte hartzea eta gizarte aktibazioa sustatuko dituzte.

Prozesua martxoaren erdialdean hasi zuten eta orduan talde politiko batzuek parte hartzeko gonbidapena errefusatu zuten. Orain, «berriro» gainerako talde politikoei beraiekin bat egiteko deia zabaldu diete.

FUNTZIONAMENDUA

Araudiak dioenez, udaletan ordezkaritza duten talde bakoitzeko bik osatuko dute mahaia. Bestalde, aztertu beharreko gaiek hala eskatzen dutenean, informazioa eman dezaketen pertsonak gonbidatu ahal izango dira bilkuretara, bai eta proiektu edo proposamenen bat aurkeztu nahi dutenak ere.

Bilerak hiru hilean behin egingo dira eta hurrengoa bi aste barru izango da. Oraingoz bide-orria erabakitzeke dago, baina «beste pauso bat eman behar zen», argudiatu zuen Pablo Ortiz de Latierrok.